Euskal Herriko eskubaloi jokalari gaztetxoen topalekua izango da Elgoibar asteburuan

Barren 2024ko ira. 3a, 15:37

300dik gora eskubaloi jokalari gazte, kadete mailakoak, batuko dira Elgoibarren asteburuan, Gojko Vucinic Elgoibar Hiribildua txapelketaren seigarren edizioan parte hartzeko.

Gipuzkoa, Bizkai eta Nafarroako hamar taldek hartuko dute parte Sanlok antolatzen duen Gojko Vucinicen oroimenezko eskubaloi txapelketan. Taldeek harrobiarekin egiten duten lana bistaratzeko antolatzen dute Euskal Herriko eskubaloi jokalari gaztetxoen topalekua den txapelketa. Hamar taldeetako neska-mutilak barikutik domekara arituko dira lehian. Nesken taldeek Olaizagako kantxan jokatuko dituzte partidak eta IMH kiroldegikoan mutilenek. Honako hauek dira parte hartuko dute taldeak:

  • Eibar Eskubaloia (Eibar) neska eta mutilen taldeak
  • Sanlo EKT (Elgoibar) neska eta mutilen taldeak 
  • Pulpo EK (Zumaia) neska eta mutilen taldeak
  • Ereintza (Errenteria) neska eta mutilen taldeak 
  • Malkaitz Eskubaloia (Atarrabia) nesken taldea
  • Urola Eskubaloia (Zumarraga) neska eta mutilen taldeak
  • Anaitasuna (Iruña) neska eta mutilen taldeak
  • Errotaberri (Ermua) nesken taldea
  • Tolosa Eskubaloia (Tolosa) mutulen taldea
  • C.D. Urdaneta (Loiu) mutilen taldea

Barikuan, irailak 6, hasiko da txapelketa. Lehen egunean 18:30etik eta 20:00etara jokatuko dituzte neurketak.

Zapatuan 9:00etan, 11:00etan eta 12:30ean jokatuko dituzte partidak; eta, arratsaldez, 16:00etan, 17:30ean eta 19:00etan.

Azken jardunaldian, domekan, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidak jokatuko dituzte, 9:00etan eta 10:15ean, eta finalak, 11:30ean eta 12:45ean izango dira, Olaizaga kiroldegiko kantxan. Bosgarrengotik zortzigarrengorako sailkapena erabakitzeko neurketak IMHn jokatuko dituzte, finalen ordutegi berean. Sari banaketa ekitaldia Olaizagan izango da.

Lotura duten albisteak: