Ehunmilak probako bizipenak kontatuko dituzte Uribek, Arrietak eta Diezek mendi emanaldi zikloan

elgoibarren.net 2011ko aza. 9a, 12:19

Munduko mendi lasterketa gogorrenetarikoa da Ehunmilak ultratraila. Bigarrengoz egin zuten aurten Euskal Herriko mendietan barrena eta hiru elgoibartarrek (Edu Uribe, Asier Arrieta eta Jose Luis Diez Txelu) parte hartu zuten bertan, taldea osatuz. Elkarrekin bizi zuten esperientziaren berri emango dute, gaur, Morkaiko mendi taldeak antolatu duen Udazkeneko Mendi Emanaldiak Zikloko bigarren saioan.


Bost emanaldik osatzen dute aurtengo zikloa.

Inazio Bereziartua musika eskolako auditorioan (azken solairuan) izango da Ehunmilak mendi lasterketaren inguruko emanaldia, 21:30ean hasita. Fidel Mendiak ireki zuen, joan den astean, mendi emanaldien zikloa muturreko eskiaren inguruan eskaini zuen emanaldiarekin. Hurrengo astean, azaroaren 16an, Alberto Zerain izango da gonbidatua. Munduko mendirik garaienera, Everestera, biderik motzena zein den azalduko du mendizale gasteiztarrak. Jakoba Errekondok eta Asier Galdosek, bestalde, Euskal Herriko Paisajea izeneko hitzaldia eskainiko dute azaroaren 23an. Jose Ramon Agirre “Marron” mendizale ataundarrak emango dio amaiera zikloari, azaroaren 30ean, “Dolpo, biziaren muturrean” izeneko ikus-entzunezkoarekin. Emanaldi guztiak 21:30ean hasiko dira, Musika eskolako auditorioan.

•Urte bukaera arteko agenda
  Urte bukaera lanpetua izango dute aurten Morkaiko mendi taldeko kideek, emanaldi zikloaz gain beste hainbat ekintza antolatuko dituzte-eta. Haurrentzako eskalada ikastaroa izango da horietako bat. Azaroaren 21ean hasiko da ikastaroa Olaizaga kiroldegiko rokodromoan. Guztira, 45 minutuko zortzi saio izango dira, astelehenetan eta eguaztenetan. Umeei eskalada ezagutaraztea eta segurtasun neurrien berri ematea da, besteak beste, ikastaroaren helburu nagusia. Morkaikoren webgunean daukazue informazio osoagoa.
 Mendi irteera berezi bat ere prestatu du mendi taldeak Laguardia-Biasteriko Aintziretara, abenduaren 17an. Txangoaren ostean han inguruko ardandegi batean bazkalduko dute izena ematen duten lagunek. (Informazio osoagoa hemen)
 Bestalde, Morkaikok urtero antolatzen duen Mendiko argazki eta bideo lehiaketa ere abian da. Argazkiak zein bideoak aurkezteko azken eguna azaroaren 25a, barixakua, izango da. (Informazio osoagoa hemen). Azkenik, gogoratu, azaroaren 19an egingo dela Karakateko Igoera.
 
Mendi federatu lizentziak
 2012. urterako Mendi Federatu lizentziak tramitatzeko epea ere zabaldu dutela jakinarazi du mendi taldeak. Hala bada, hurrengo urtean babestuta egon nahi duten mendizaleek abenduaren 22a baino lehen eraman beharko dituzte Morkaikora federatu txartela jaso ahal izateko aurkeztu beharreko agiriak eta ordainagiriak. Dena dela, abenduaren 12an hasiko direla tramiteak egiten aaurreratu dute, eta, hortaz, data hori baino lehen entregatzen dituztenek lehenago jasoko dute txartela.