Adi-adi egoten zen beira atzean botoiz beteriko mahai hartan lanean egoten zenari begira. Poliki-poliki berak ere ikasi zuen DJ ofizioa, eta lanean hasi zen. Garai hartan lehenengotariko emakumezkoa izan zen DJ lanetan. Zortzi urtez egon zen Elgoibarko Guass diskotekan lanean, eta Euskal Herriko beste hainbat aretotan ere ibilitakoa da musika jartzen. Gaur Urazandiko jaietan egongo da, Remember Guass saioarekin.
Nola hasi zinen DJ lanetan?
Zumarragakoa naiz ni, eta lagunekin Urretxura joaten ginen asko. Hango taberna batek DJa zeukan, eta hari begira egoten nintzen beti. Atentzioa ematen zidan bere egitekoak, eta orduak pasatzen nituen egiten zuena ikusten eta harengandik ikasten. Behin esan egin nion DJa izatea nahi nuela, eta berarekin ikasi nuen oinarrizkoena. Gero, nire kabuz ikasi nuen gainerakoa, eta DJ lehiaketetara aurkezten hasi nintzen.
Aretoan musika jartzen duen pertsona da DJa, baina zein da zehazki DJaren egitekoa?
Ez da musika jartzea bakarrik, gauza asko izaten ditugu kontuan. Aretoa zein den, zenbat denborako saioa egin behar dugun, nolako publikoa daukagun aurrean... horren arabera prestatzen ditugu saioak, eta klabea abestiak ondo nahastean dago. Aurikularretik entzuten dugu etorriko den abestia, eta beste belarritik aretoan jarrita dagoen musika. Bien arteko nahasketa ondo egin behar da, eta horretarako irteerako eta sarrerako doinuen erritmoak ondo ezagutu behar dira. Urteekin asko ikasten da, eta nik gaur egun entzumenarekin egiten dut guztia, baina hasieran kolpeak kontatzen egoten nintzen, jakiteko noiz askatu behar nuen kantu bat eta bestea noiz sartu. Ez da hain sinplea, bere artea dauka. Edonork ikasi dezake, baina orduak eman behar dira, gauza guztietan bezala.
Nola gogoratzen dituzu zure lehenengo emanaldiak?
Jazz Berri dantzalekuak antolatutako lehiaketa batean hartu nuen parte estreinakoz, eta esperientzia oso polita izan zen. Emakumezko bakarra izan nintzen, eta gizonezkoek harrituta begiratzen zidaten. Bilboko Nyx aretoan ere hartu nuen parte beste lehiaketa batean, eta hirugarren egin nuen. Haren ostean Guass dantzalekuko lehiaketara aurkeztu nintzen, eta gustatu zitzaien egin nuena. Handik gutxira lana eskaini zidaten, eta zortzi urtez egin nuen lan bertan.
Zer izan zen zuretzat Guass aretoa?
Nire etxea izan zen. Han hazi nintzen DJ moduan eta baita pertsona moduan ere. Laguntza handia izan nuen garai hartan, eta oso ondo hartu ninduten. Sektore hau oso lehiakorra da, inbidiak daude, baina nik ez dut sekula arazorik izan inorekin; guztiz kontrakoa. Lagun oso onak izan ditut, eta guztiengatik ikasi dut zerbait. Izan daiteke lehenengotariko DJ emakumezkoa izan nintzelako edo. Oso mundu maskulinoa da hau. Gaur egun ikusten dira emakume gehiago, baina oraindik gizonezkoak askoz gehiago dira.
Nolakoa da DJ lana?
Niri asko gustatzen zitzaidan nire lana. Asteburuetan egiten nuen lan: bariku gauean eta zapatu iluntze-gauean Guassean eta dometekan Donostiako beste areto batean. Ordu gehienak gauez egiten nituen, eta egia da gauez lan egitea nekeza dela. Batzuetan egun txarrak izaten dituzu, baina hala ere, aurpegi ona jarri behar diozu publikoari. Sesioa amaitu ostean kabinatik irteteko zain egoten da jendea autografoak eskatzeko, argazkiak ateratzeko, zoriontzeko... eta kaso egin behar zaie, azken batean hori ere lanaren parte delako. Guass-eko etaparen ostean atsedena hartzea erabaki nuen eta laga egin nuen lanbidea, baina orain dela urte batzuk berriz itzuli naiz, eta oso gustura dihardut. Sekula baino gehiago ari naiz gozatzen. Hilean pare bat bolo egiten ditut, eta askoz bizitza lasaiagoa daramat. Lehen nire lanbidea zen, baina orain hobbie moduan daukat. Nik Eroskin egiten dut lan, eta bezero asko harritu egiten dira jakiten dutenean Guass-eko DJa izan nintzela.
Zein esango zenuke dela zure ibilbidean izan duzun lorpen handiena?
Barakaldoko BEC aretoan egin nuen emanaldia izan da niretzako handiena. Sei mila lagun jarri nituen dantzan [ikus bideoan], eta sekulakoa izan zen. Saioa amaitu nuenean jende asko gerturatu zitzaidan zoriontzera, bideoak bidali zizkidaten hurrengo egunean eta negar ere egin nuen hunkituta. Azarorako deitu naute berriz, eta oso pozik nago.
Garai batean nonahi zeuden dantzalekuak, baina gaur egun gehienak itxita daude. Guass, Jam, Txitxarro, Jazz Berri... oso ezagunak ziren inguru honetan. Zein oroitzapen dituzu?
Nostalgiaz gogoratzen ditut. Itziartik edo Arroatik pasatzean, Txitxarro eta Jazz Berri itxita ikusteak oroitzapen asko ekartzen dizkit. Venecia aretoa tarteka zabaltzen dute, baina dantzalekuen garai hura bukatu zen. Guass ixteak ere pena handia eman zidan, eta eraikina bera botatzeak are gehiago. Nire bizitzako ordu asko pasatu nituen han. Txitxarrora ere sarri joaten ginen, eta nire lagunak dantzara joaten ziren bitartean, ni DJaren ondoan geratzen nintzen, begira-begira. Beti gustatu izan zait.
Teknologiaren aurrerakuntzak nola eragin dio DJ ofizioari?
Lehen biniloekin egiten genuen lan, eta gaur egun digitala da dena. Ez dauka zerikusirik; niri gehiago gustatzen zitzaidan biniloekin lan egitea, baina aro digitalean gaude, eta horrek ere baditu bere abantailak. Lehen binilo pila bat eraman behar izaten nituen maleta batean, eta gaur egun bi pendrive eta aurikularrak eramanda nahikoa daukat. Badaude oraindik areto batzuk biniloak erabiltzen dituztenak, baina gutxiengoak dira.
Gaur gauean Urazandin izango zara. Zer eskainiko duzu?
Remember musika jartzen dut nik gehien bat, lehengo garaikoa. Jendeak oso gustura entzuten du, bai lehengo garaikoek eta baita gaurko gazteek ere. Gustatzen zait suabe hasi eta topera amaitzea, jendea gehiagorako gogoz gera dadin. Pozik nago Urazandira joateko, eta seguru nago jendeak ondo pasatuko duela. BEC moduko aretoetan boloak egitea gauza handia da, baina herrian bertan aritzea ere bai. Jende askok ezagutzen nau, eta gertutasun hori ere polita da. Herriarentzat gauzak egitea gustatzen zait. Iaz ere egin genituen DJ emanaldiak Elgoibarko txoko diferenteetan, eta oso polita izan zen. Elgoibarren zaletasun handia dago eta DJ gazte asko daude.
Hemendik aurrerako asmoak?
Euskal Herritik kanpoko aretoak ditut helburu. Errioxan eta Kantabrian lotuta ditut bi emanaldi, baina Bartzelonako edo Madrilgo aretoren batean musika jartzea asko gustatuko litzaidake, edo Ibizan. Frantzian ere DJ mugimenduak badauka indarra, eta hango aretoren batean ere gustura jarriko nuke musika. Momentuz ez daukat erretiroa hartzeko asmorik. Gaztea nintzenean pentsatzen nuen 40 urterekin ez nintzela honetan ibiliko eta begira, 45 egingo ditu barikuan [gaur]. Oraindik denboraldi baterako soka badaukat. Eskerrak eman nahi dizkiet lagunei eta etxekoei, urte hauetan guztietan babestu nautelako.