Dena prest Urazandiko jaiak kokaleku berrian hartzeko

Barren 2024ko uzt. 11a, 15:17

40 urteko etenaren ostean, 2022ko uztailean berreskuratu zituzten Urazandiko jaiak, eta hirugarrengoz egingo dituzte aurten. Festa gunearen kokalekua izango da berrikuntzetako bat.

Herri Eskolaren gaineko aparkalekuan, Tontodromo izenez ezagutzen den gunean prestatu dute jai gunea izango den karpa. Edonola ere, jaiei hasiera ofiziala emango dien hasierako traka Urazandi parkean egingo dute barikuan, 19:00etan, Kima estetika eta ile-apaindegiarekin.

Aparkalekua, Herri Eskolako patioan

Herri Eskolako patioko estalpea berritzeko lanak egin behar dituztela-eta aldatu dute lekuz jaigunea goiko aparkalekura, eta horren ondorioz, martitzenetik ezin izan da han autorik aparkatu, karpa jarri behar baitzuten. Aparkatzeko arazoak areagotu ditu horrek auzoan eta Herri Eskolako patioa aparkaleku gisa erabili ahal izateko eskaera egin diote Urajai elkartekoek Udalari. Urajai elkartetik jakinarazi dutenez, baimena eman diete, eta barikuan, 15:00etatik aurrera, Herri Eskolako patioan autoa aparkatzeko aukera izango dute auzotarrek. Izan ere, patioko lanak hasi gabe daude oraindik eta auzotarrek aparkaleku moduan erabili ahal izango dute jaiek irauten duten bitartean.


Urajai Elkartekoek egitarau zabala prestatu dute aurten ere, eta horien artean paella jana egingo dute zapatuan, uztailaren 13an. Hona egitarau osoa:

Urazandiko jaiak 2024


12 BARIKUA

  • 19:00 Jaien hasierako traka, parkean. Kima estetika eta ile-apaindegiarekin.
  • Jarraian, txapel, txabes eta igel toka txapelketa, Herri Eskolako aparkalekuan.
  • 19:30 DJ Tilla.
  • 22:00 Musika: 80's classic.
  • 00:00 DJ Mari.


13 ZAPATUA

  • 10:30-12:00 Fitness Tx4 body combat saioa.
  • 12:00 Historiaurreko teknikak, Jose Julian Marquezekin.
  • 12:00-14:30 Mauxitxa txarangaren kalejira.
  • 14:30 Herri bazkaria, Mauxitxak girotuta. Zozketak egongo dira.
  • 16:30 Mariatxiak.
  • 17:30 Dantzaldia, malabareak, akrobaziak eta Irati zirkua. Herri Eskola gaineko aparkalekuan.
  • 18:30 Buruhandiak.
  • 19:00 DJ Tilla.
  • 22:00 Kitziki eta Versionarios taldeen kontzertua.
  • 00:00 DJ Tilla.


14 DOMEKA

  • 11:00 Umeentzako parkea. Puzgarriak, apar festa...
  • Eguerdian, otarraren zozketa.
  • 16:00 Azken traka.

 

Banderatxoz bete dute auzoa.