DJ emanaldiek eta rock musikak girotu dute ostalariek bigarrengoz egin duten Aste Gastronomiko Mikologikoa

Barren.eus 2023ko aza. 22a, 15:27

Aizu! ostalarien elkarteak bigarren urtez antolatu du mikologian oinarritutako Aste Gastronomikoa eta pozik agertu dira ekimenak herrian izan duen harrerarekin.

Joan den eguenean pintxopote berezia egin zuten atzo elkarteko tabernetan. Aurten 11 tabernetan jarri zituzten perretxikoekin egindako pintxoak. Aizu! ostalari elkarteko arduradunek azaldu dutenez, giro ona egon zen tabernetan eta oro har kritika onak jaso zituzten pintxoek.

Barikurako kaleak eta auzoak musika elektronikoz josi zituen ekimena antolatu zuten ostalariek. 'Erritmoaren ibilbidea' deitu zioten. "Gazteak euren lokaletatik irten zitezela nahi genuen, eta lortu genuela uste dut, kaleak gaztez beteta egon baitziren bariku iluntzean. Bertoko bederatzi DJek giro aparta jarri zuten". Estilo askotariko musika elektroniko saioak eman zituzten DJek, herriko bederatzi gunetan banatuta.
Zapaturako antolatu zuten Aste Gastronomikoko egun handia. Eguerditik 14:30era bitartean Niala magoa eta beste sei mago gazte tabernaz taberna ibili ziren, bezeroei magia saioak eskainiz. "Magoek sorrarazi zituzten harridura aurpegiak ikusita, askok gozatu zuten magiaz", esan dute. Arratsalde partean rockak hartu zituen kaleak. Herriko kaleak kalejiran zeharkatuko zituen Rockalean taldeak, talde ezagunen kantuen bertsioak joz. "Giro aparta sortu zuten", esan dute Aizu! elkartetik. Gauean EuskalRock taldeak hartu zuen rockaren lekukoa, Maalan eman zuten kontzertuarekin. "Barricada, RIP edota Kortatu musika taldeen abestiekin giro aparta sortu zuten Maalan, baina esan beharra dago hogei minutuko atzerapenarekin hasi zutela kontzertua, eta iragarrita zegoena baino beranduago bukatu zutela. Badakigu auzoko batzuek kexa jarri dutela Udaltzaingoan eta barkamena eskatu nahi diegu gure aldetik".
Oro har, ekimenaren balorazioa "positiboa" egin dute elkarteko zuzendaritza osatzen duten kideek Aste Gastronomikoa antolatzeko urtebeteko lan gogorraren ostean. Bigarren aldi honek itzalak baino argi gehiago izan dituela adierazi dute. "Ezin da denen gustua egin beti, baina askotariko gustuak asetzeko ekitaldiak antolatu ditugula uste dugu".

ARGAZKI-BILDUMA: 2. Aste Gastronomiko Mikologikoa

 

2023 11 22 aste gastronomiko mikologikoa aizu elgoibar DJ otermin BARREN

2023 11 22 aste gastronomiko mikologikoa aizu elgoibar DJ mari BARREN

2023 11 22 aste gastronomiko mikologikoa aizu elgoibar rockalean kalebarren BARREN

2023 11 22 pintxoa aste gastronomiko mikologikoa

∞Lotura duten albisteak: