Batzarrean bazkideei esandakoen laburpena egin du Txus Altzaga presidenteak BARRENentzako. Altzagaren berbetan, talde gehienek erdietsi dituzte denboraldi aurrean jarritako helburuak, eta batzuek "soberan gainditu" ere bai, hainbat izan baitira igoera faseak jokatu dituzten taldeak. Klubak 31 talde dituela dio Altzagak, tartean Futbol Eskolan diharduten 540 neska-mutilak. Horiekin 58 entrenatzaile ari dira lanean. Horrenbeste talderen entrenamenduak eta partidak kudeatzea gero eta nekezagoa dela eta Mintxetako instalazioak txiki gelditu zaizkiela gogora ekarri du presidenteak. Taldeez gainera, Realak eta Gipuzkoako zein Euskadiko selekzioen teknifikazio saioetan parte hartu duten C.D. Elgoibarko jokalariak zoriondu ditu.
49.000 euroko galera
Balantze ekonomikoari dagokionez, bi datu bakarrik jakinarazi ditu klubak. Batetik, denboraldia 49.000 euroko galerekin amaitu dutela. "Materialean inbertsio handia egin dugu. Haundi nesken taldearen aldagelak egokitu ditugu, gizonezkoen parean egon zitezen, eta kirol arropa guztia berritu dugu, eta hori izan da balantzea negatiboa izateko arrazoi nagusia". Alabaina, 48.000 euroko diru poltsa dauka klubak, eta horri esker inbertsioak egiten jarraitzeko aukera izango dutela gaineratu du Altzagak. "Hurrengo urterako kirol jantzietan gasturik aurreikusten ez dugunez, irabaziekin amaitzea espero dugu". Bidelagun izan dituzten babesle guztiei eskerrak eman dizie Altzagak.
Herria eta herritarrengana gerturatzeko ekimenak
Hirugarren arloan, arlo sozialean, herriarengandik eta herritarrengandik gertuago egoteko, Udalarekin lankidetzan, hainbat ekimen sustatu dituztela azpimarratu du Altzagak, besteak beste, Harrera Plana, Elgoibartik Mundura, Gaitu programa, Korrika eta antolatu zuten Elkartasun Eguna.