C.D. Elgoibarrek 2.400 euro banatu ditu herriko lau elkarteren artean, elkartasunez

Barren 2024ko mar. 16a, 19:56

C.D. Elgoibar Solidario Egunean batutako dirua herriko elkarteetako ordezkariei emateko ekitaldia. Arg: C.D. Elgoibar

C.D. Elgoibar Solidario Eguna antolatu zuen klubak 107 urte bete izana ospatzeko, eta batutako dirua herriko zenbait elkarteri ematea erabaki dute futbol taldeko arduradunek.

Joan den martxoaren 3an bete zituen klubak 107 urte, eta egun seinalatu hori elkartasunerako eguna izatea erabaki zuten. Dirua batzeko hainbat ekintza antolatu zituzten, besteak beste, zozketa bat egin zuten, soberan zituzten arropak salgai jarri zituzten; eta, Haundiko jokalariek ere egin dute diru ekarpena, emakumezkoen zein gizonezkoen taldeko jokalariek. Era horretan, 2.400 euro batu ditu C.D. Elgoibarrek eta besteei laguntzen aritzen diren herriko elkarteei ematea erabaki dute, honakoei: Elgoibarko Gurutze Gorria, Nuala Elkartea, Dislegi Debabarrena eta Caritas Elgoibar. Azaldu dutenez, Elgoibarko Odol Emaileen Elkartekoei ere eskaini zieten laguntza, baina euren partea beste elkarteei banatzeko eskatu zieten odol elkartekoek. 


Gizonezkoen haundi taldeak Real Unionen aurka atzo Mintxetan jokatu zuen partida hasi aurrekoan jaso dute dirua aipaturiko elkarteetako ordezkariek (goiko irudian)