Elgoibartarren ahotsak jaso dituzte inteligentzia artifizialak euskaraz ikas dezan

Barren.eus 2023ko abe. 5a, 15:44

'Gaitu' egitasmorako ahots-grabaketa saioa egin zuten Elgoibarren, Nazioarteko Egunaren bezperan. 50 elgoibartar inguruk grabatu zituzten euren ahotsak inteligentzia artifizialak euskaraz egin ahal dezan. Egin kontu, norberaren gailuekin (mugikorra, ordenagailua) ere egin daitezkeela grabazioak.

Makinei eta adimen artifizialari euskaraz erakusteko, ahots asko eta askotarikoak behar dira, eta ahots horiek biltzeko sortu dute Gaitu egitasmoa Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak (gaitu.eus). Egitasmoarekin bat egin dute Elgoibarko eta Mendaroko Udalek eta Elgoibarko Izarra eta In Leike kultur elkarteek eta abenduaren 2rako grabazio saioak antolatu zituzten.

Elgoibarren Aita Agirre kulturgunean jarriko zuten grabaziorako lekua Elgoibarko Izarrakoek eta Udalekoek. Ordenagailuak eta kaskoak ipini zituzten herritarren esku eta argibideak eta laguntza ematen euskalgintzako hainbat lagun aritu ziren. Hamazortzi elkarte zein erakundetako ordezkariek hartu zuten parte ahots-grabaketetan eta hala nahi izan zuten herritarrek ere izan zuten grabazioak egiteko aukera. Elkarte batzuek euren kabuz ere egin dituzte grabazioak, Haritz dantza taldekoek, haurreskolakoek edo AEK euskaltegikoek kasu. Aita Agirre Kulturgunean egin zuten grabaketa saioari Brillet musika taldeak Kultur Kafean eman zuen kontzertuak eman zion amaiera. 


 • Ekarpena, edozein momentutan
Ekimenaren sustatzaileek gogorarazi dute edozeinek egin dezakeela bere ekarpena edozein momentutan gaitu.eus webgunean bere ahotsa grabatuta, norberaren eskuko telefonoa edota ordenagailua erabilita. Aipaturiko webgunean sartu eta gailuak proposatzen dituen esaldiak ahozgoran irakurtzea da egin beharrekoa.
Egungo teknologiak testuzko eta ahozko datu masa erraldoiak eskatzen ditu, eta, euskararen presentzia eremu digitalean bermatzeko, Gaitu izeneko kanpaina abiatu zuten urrian, makinei eta teknologia berriei euskara irakasteko. Erronka berri baten aurrean gaude euskaldunok: makinek gure hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten, lehenik irakatsi egin behar zaio. "XXI.mendean sartuta gaude honezkero eta euskarak ezin du museoko hizkuntza bat izan, teknologiarako ere prestatua dagoen hizkuntza izan behar du", adierazi dute.

2023 12 02 gaitu ahots grabaketak elgoibar BARREN 2

2023 12 02 gaitu ahots grabaketak elgoibar BARREN haizea

2023 12 02 gaitu ahots grabaketak elgoibar BARREN sakelekoaz

2023 12 02 gaitu ahots grabaketak elgoibar BARREN 1

2023 12 02 gaitu ahots grabaketak elgoibar haritz edt

2023 12 02 gaitu ahots grabaketak elgoibar BARREN brillet kontzertua