Apirilaren 11n hasi zuten greba Elgoibarko Herriko Antzokia kudeatzen duen Aisilan XXI enpresarentzat lan egiten duten sei langileek. Elgoibarko Udalak zerbitzua emateko azpikontratatutako enpresa da Aisilan XXI. Aurrez ere egin izan duten moduan, prentsaurrekoan gogora ekarri zuten hainbat bilera eskaera egin dizkietela bai Udalari eta baita enpresari ere, baina ez dutela horiengandik "inolako" berririk jaso. Aitzitik, greban dauden langileak banantzeko ahaleginean jardutea leporatu diote langileek Udalari, "sindikatuarekin gatazkak sortuz". Udal arduradunek prentsan zein udalbatzarraren bilkuran esandakoak ez direla egia diote langileek. "Langileen eskaerak beti entzun izan dituztela diote eta 2023tik 2024ra diru partida bikoiztu egin dutela. Berriro diogu, 2012ko soldatekin jarraitzen dugu, bizitzaren prezioa %25 igo den arren. Non dago orduan diru hori?", galdetu zuten. Irtenbideak bilatzeko, sindikatuaz eta oposizioko udal taldeaz gainera eurekin ez dela inor "formalki" bildu zehaztu zuten. "Udalari gogorarazi nahi diogu Elgoibarko herritarron eta kulturaren alde egin beharko lukeela, fede onez, patronalaren alde jokatu beharrean". Era berean, Aisilan enpresari iaz sinatu zuten akordioa betetzea dagokiela gogorarazi diote. Udal Gobernuaren eta enpresaren aldetik presio handiak jasan dituztela salatzearekin batera, irtenbide bat topatzeko aukera berri bat eman nahi dietela azaldu zuten, eta horretarako greba etetea erabaki dutela, "irtenbide bat topatu, eta bai ala bai sinatutakoa bete dadin". Greba eten arren, argi laga nahi izan zuten euren lan baldintzak hobetzearen aldeko borroka ez dela amaitu.
Gaazkaren nondik-norakoak gogora ekarri zituzten langileek plazan. ELA sindikatuak grebara deitu zituen Herriko Antzokiko langileak 2023an, langileen ezegonkortasunari amaiera emateko asmoarekin. "Izan ere, 2016tik dituzte soldatak izoztuta, eta kalera irten ziren lan baldintza hobeak eskatzera". Eskaera nagusienen artean erosahalmena berreskuratzea, jaiegun eta gaueko plusak, antzinekotasuna aitortzea, gaixotasun bajen konplementazioa, partzialtasunarekin ahal beste bukatzeko konpromisoa eta langileen subrogazioa aipatu dituzte. Greba haren ondorioz, langileek Aisilan empresarekin akordioa lotu zutela dio ELAk, 2024ko urtarrilaren lehen egunean indarrean sartu zen akordioa. "Enpresak, baina, ziurtatu du ezin duela hitzarmena bete, eta Udalari egozten dio bete ahal izatearen ardura. Horren aurrean, ELA Udalarekin zein Aisilanekin bildu zen, eta egoera blokeatuta zegoela ikusita, greba deitu zuten langileek". Joan den apirilaren 11n izan zen hori.