Asilan XXI enpresarentzako lan egiten duten Herriko Antzokiko langileek greba maiatzaren 31a arte luzatzea erabaki dute, eta ondorioz bertan behera gelditu dira zenbait emanaldi: gaurko iragarria zegoen Amoranteren kontzertua eta maiatzaren 31n Taupada antzerki taldekoek egitekoa zuten emanaldia.
Apirilaren 11n hasi zuten greba Aisilan enpresarentzako lanean ari diren sei langileek eta hirugarrengoz luzatu dute, enpresak euren eskaerak aintzat hartzen ez dituelako.
Lan gatazka honen inguruan, atzera begirakoa egin du ELAk orain. Gogorarazi du iaz ere grebara jo zutela langileek "prekarietatea amaitzeko". 2016tik soldatak izoztuta zituztela salatu zuten, besteak beste. Haien eskaeren artean zeuden, bereziki, eros ahalmena berreskuratzea, jaiegun eta gaueko plusak jartzea, aintzinekotasuna aitortzea, gaixotasun bajen konplementazioa, partzialtasuna ahal den azkarren amaitzeko konpromisoa hartzea eta langileen subrogatzea. Greba hura akordio batekin amaitu zuten, eta han jasotakoa urtarrilean sartzen zen berez indarrean, baina arazoak bere horretan jarraitzen du. Enpresak dio ezin duela hitzarmena bete eta Udalari egozten dio ardura. ELAk salatu du ez Udalak eta ezta enpresak ere ez dietela bilera eskaerei erantzuten. Sindikatutik nabarmendu dute Udala dela zerbitzu hori azpikontratatu zuena eta berea dela zerbitzua eta lan baldintzak bermatzearen ardura, eta bestetik, enpresari gogorarazi diote akordioa betetzea dagokiola.