Apirilaren 11n, Herriko Antzokiko kudeatzen duen Aisilan XXI enpresarentzat lanean ari diren sei langileek greba mugagabea hasi zuten, eta ELAtik joan zen astean salatu zuten geroztik hainbat bilera eskaera egin dizkiotela Udalari, baina ez dutela erantzunik jaso. Horren harira Elgoibarko Udalak egindako bileren zerrenda argitaratu du. Hasteko esan du abenduan eta martxoan Aisilan XXI enpresakoekin bildu zirela, eta martxoaren 6an, berriz, ELA sindikatuko ordezkariekin, ELAk berak eskatuta. Langileekin, berriz, behin baino gehiagotan bildu direla esan dute Udaletik eta harreman etengabean daudela.
"Elgoibarko Udalak beti entzun ditu Herriko Antzokiko langileen eskaerak", zabaldu dute prentsa ohar bidez, eta bi datu eman dituzte hori arrazoitzeko: 2023an 60.000 euroko kudeaketa-partida bideratu zutela, eta 2024an, berriz, kopuru hori bikoiztu egin dutela, langileen baldintzak hobetzeko planteatutako eskaerei erantzuteko: 120.165 euro.
"Udalak elkarrizketarekin eta inplikatutako alderdi guztien mesederako konponbideak bilatzearekin duen konpromisoa berretsi du, eta lanean jarraituko du Herriko Antzokian bidezko eta errespetuzko lan-giroa bermatzeko. Gainera, herritarrei kalitatezko kultur zerbitzua eskaintzea da helburua, eta, beraz, ezinbestekoa da Herriko Antzokiaren funtzionamendu egokia", nabarmendu dute.