Aisilan enpresa azpikontratatuta dauka Elgoibarko Udalak Herriko Antzokian zerbitzua emateko, eta atzotik greban dira enpresarentzat Elgoibarren lan egiten duten beharginak. ELA sindikatutik jakitera eman dutenez, Aisilan enpresak 2016tik kudetzen du Herriko Antzokiko zerbitzua. Zornotzako enpresa bat da, bereziki instituzio eta erakundeentzako kultura proiektuak kudeatzen dituena. Elgoibarren sei langile daude.
ELAren arabera langileek bizi zuten prekarietate egoerari amaiera emateko hainbat negoziazio saiakera egin zituzten 2023an Aisilan enpresarekin zein Udalarekin, baina adostasunik lortzen ez zutela ikusita grebara joatea erabaki zuen behargin taldeak ELArekin. "Izan ere, 2016tik langileek ez dute soldata igoerarik izan. Haien eskaerak, batik bat, honakoak ziren: erosahalmena berreskuratzea, jaiegun eta gauekotasun plusak, antzinekotasuna aitortzea, gaixotasun bajen konplementazioa, partzialtasunarekin ahal bestean bukatzeko konpremezua eta langileen subrogazioa".
Elkarretaratzea
Greba deialdia eta zenbait negoziazioren ostean, Aisilan empresak akordio hori sinatu zuela azaldu du ELA sindikatuak, eta akordioa 2024ko urtarrilaren 1ean hasten zela indarrean zehaztu du. "Data hori helduta, enpresak jakinarazi zion langile taldeari ez zegoela grebari bukaera emango zion hitzarmena betetzeko prest. Hori dela eta, Udalarekin zein Aisilanekin bildu ostean, ELA sindikatuak 15 greba jardunaldi deitu ditu, mobilizazioekin batera. Gaur, apirilak 12, kontzentrazioa egingo dute udaletxe aurrean, 19:00etan.