AZTE Azpeitiko alde zaharreko tabernen elkarteak antolatu du Euskal Herriko III. Elektrotxaranga Lehiaketa. Parte hartuko duten zazpi musika taldeek maiatzeko lau asteburuetan girotuko dituzte Azpeitiko kaleak. Iazko edizioa irabazi zuen Elektrotxufla izan zen aurrenekoa, maiatzaren 4an. Game of Txaranga eta Hamarru elektrotxarangen txanda izan zen aurreko asteburuan; eta, maiatzaren 18an Patxangoi eta Elektrokela arituko dira kalez kale. Joan den barikuan entrenamendu ona egin zuen Elgoibarko Patxangoi taldeak, kalejiran aritu baitziren Elgoibarren. Azpeitian bi txandatan ariko dira elektrotxarangak: 19:00etan hasiko da lehen taldea eta 20:30ean bigarrena. Alde zaharrean barrena eskainiko dituzte emanaldiak.
Epaimahaiak ekainaren hasierarako jakinaraziko du zein taldek irabazi duen. Irabazten duen elektrotxarangak 6.000 euroko saria jasoko du, eta saninazio jaietan emanaldia emango du. Epaimahaia Azpeitiko musikariek osatuko dute, eta hainbat irizpide izango dituzte kontuan irabazlea aukeratzeko: musikaltasuna, sonoritatea, interakzioa, martxan jotako musika, abestien aniztasuna, euskara eta parekidetasuna, besteak beste.
Antolatzaileek QR kode bat ere jarri dugu tabernetan, eta jendeak, hori eskaneatuz gero, iritzia eman dezake. Horrela, jendearen balorazioa ere kontuan hartuko dute irabazlea aukeratzeko.
AZTEko kide Ander Arteaga elkarrizketatu dute Berrian lehiaketaren harira, eta dioenez, hasieratik oihartzun handia izan du lehiaketak, eta, poteatzeko eta parranda egiteko gogoa dagoen heinean, inguruko herrietatik jende ugari gerturatzen da Azpeitira.
Elgoibarko musika zale gazte talde batek sortu zuten Patxangoi taldea, 2023an. Gaizka Uranga taldekideak BARRENi emandako elkarrizketan azaldu zuen moduan, La Roita erronkaren egunerako sortu zuten Patxangoi elektrotxaranga eta 2023ko sanbartolomeetako Gazteen Egunean egin zuten debuta jendaurrean.