• Patxangoi elektrotxaranga da zure azken proiektua. Nola sortu duzue?
La Roita erronkaren egunerako sortu genuen Patxangoi elektrotxaranga. Egun horretarako erromeria bat antolatu nahi zuten, eta ez zutenez talderik lortzen, esan ziguten ea zerbait egiteko moduan egongo ginatekeen. Gu beti gaude prest, eta berehala elkartu ginen Jezzy's Tyros taldekoak, Unai Arregi, Ander Torquemada eta ni. Berez egun horretarako sortu genuen, erromeria estiloko abestiak jotzeko, baina gero, Maalako Jai Batzordean arazo berbera izan genuen, ez genuela elektrotxarangarik lortzen jaietarako. Guk bageneukan elektrotxaranga sortzeko ideiaren bat, eta momentua aprobetxatu dugu. Sanbartolomeetan egingo dugu debuta, eta ilusio handia daukagu. Amaia Sasiain (ahotsa), Danel Legorburu (ahotsa), Markel Uranga (baxua), Aitor Asenjo (gitarra), Ruben Irigoien (bonboa), Unai Arregi (tronboia), Ander Torquemada (tronpeta) eta ni (kaja) gara taldekideak.
• Neska baten izena entzun dugu aspaldiko partez! EME elkartearen bueltan sortu diren taldeetan ez dago emakumerik.
Bai, hala da, ez dakit zergatik. Amaia Sasiain gogotsu zegoen eta taldeko abeslarietako bat izango da. EMEren bueltan uste dut neska talde bat sartuko dela orain, baina bai, gutxi ikusten dira.
• Makis 37 taldearekin ere arituko zara Gune Askean.
Bai, Ermuan entseatzen dugu. Julen Gutierrez (gitarra eta ahotsa) eta Alex Gonzalez (gitarra) ermuarrak dira, eta Miguel Beraza (baxua) eta ni elgoibartarrak. 'Malkoaren distira' diskoa atera dugu, eta oso pozik gaude. Euskarazko eta gaztelerazko zazpi abesti sortu ditugu, guri gustatzen zaigun estiloan. Rock eta punk rock estiloa lantzen ditugu batez ere, baina gure estiloa nahiko nahasia da. Kazetari batek musika inteligentea egiten dugula esan zigun. Gustatu zitzaigun definizioa. Kontzertuetan bertsioak ere jotzen ditugu. Nahi duenak Derry tabernan erosi dezake gure diskoa. Oso pozik gaude Elgoibarren jotzeko. Hemen denok ezagutzen dugu elkar, eta asko gustatzen zait herrian jotzea.
• Bateria jotzen duzu zuk. Noiz eta nola hasi zinen?
Lagun artean hasi ginen kantu batzuk joteko elkartzen, eta gustua hartu nion. Bateria elektroniko bat erosi nuen etxean jotzeko, eta pandemiagatik etxeratu gintuztenean jo eta jo ibili nintzen; ezin zen besterik egin! Dena nire kabuz ikasi dut azken lau urteetan. Pandemia ostean bigarren eskuko bateria bat erosi nuen, eta Gaztetxean hasi ginen entseatzen. EMEren lokaletan sartu ginen gero, eta gure lehen taldea sortu genuen: Garaikide. Azpeitiko lagun pare bat ere bazeuden talde hartan, eta haiek laga zutenean sartu ziren beste batzuk, eta orain, Amildegi gara.