Goizean goizetik mendizalez beteko dira herriko kaleak eta inguruko mendiak zapatuan, maiatzaren 11n. Momentuz, 210 bat lagun daude izena emanda Elgoibarko Mendi Itzulia egiteko. Horiek 6:00etan irtengo dira kalegoen plazatik. Normalean, 41,600 kilometroko ibilbidea osatzen dute, baina hiru bat kilometro laburragoa izango da aurten Altzolan trenarentzat egiten ari diren tunel berriaren obrak direla-eta (Altzola parean trenbidea gurutzatzen zuten mendizaleek, bailaraz aldatzeko). Urnobitzatik pasa ostean, mendizaleak Azkarateko bide zaharretik jaitsiko dira herrigunera, eta Albitzuri industrialdetik hartuko dute Aiastiarantzo bidea, Altzolatik beharrean. Albitzuritik behera, Mercadona eta Morterika ondotik pasa ostean igoko dira Zirardamendiraino.
Itzulitxoa eta Finalista Eguna
Umeek Itzulitxoan parte hartzeko aukera izango dute. 8:30ean irtengo dira Kalegoen plazatik, eta 10:00etan, Idotorbetik. Bigarren aukera hori aukeratzen dutenei ibilgailua Idotorben aparkatzeko eskatu diete antolatzaileek eta ez Aubixa inguruko errepide bazterrean. Itzulitxoko partaideek Aiastiako anoa postuan berrituko dituzte indarrak, 12:00etan, denak elkarrekin herrira jaitsi aurretik. 270 bat lagun daude izena emanda Itzulitxorako. Horietako askok dominak jasoko dituzte gero, Finalista Eguneko dominak banatzeko ekitaldian, 13:30ean Kalegoen plazan. 82 umek jasoko dituzte dominak (77 izan ziren iaz). 2023ko maiatzetik 2024ko apirilera bitartean igotako mendiengatik jasoko dute aitortza. Gutxienez bost mendi igo behar ziren zerrenda aurkeztu eta domina lortzeko eta 15 lagunek jasoko dute domina bost mendi igoteagatik. 35 lagunek jasoko dute domina hamar mendi igotzeagatik, bederatzi lagunek hamabost mendi igotzeagatik, sei lagunek hogei mendi igotzeagatik, bostek 25 mendi igotzeagatik, zortzik 30 mendi igotzeagatik, batek 35 mendi igotzeagatik, bik 45 mendiko marka gainditzeagatik eta 60 mendi igo dituen lagun batek ere jasoko du merezitako domina. Ander Izagirrek eta Haritz Arrietak banatuko dizkiete dominak mendizale gazteei. Morkaikoko Natur taldeko partaideak dira biak eta Elgoibartarron artean naturaren ezagutza eta zaletasuna sustatzen dihardute azken uteetan.
Bazkaria, Sahatzu gogoan
Pandemia garaitik bertan behera lagata zuten mendizalentzako bazkaria berreskuratuko du aurten Morkaikok eta 200 bat lagunek eman dute izena. Bazkaria ematen hasi zirenetik Jon Ulazia "Sahatzuk" laguntzen zien bazkariarekin, baina hura zendu ostean -otsailean hil zen-, bazkaria prestatzeko enpresa bat kontratatu dute aurtengo bazkarirako. Paella erraldoi bat prestatuko dute mendizaleentzat.
Txitxibilaldiak taldekoei aitortza
Arratsaldean, Txitxibilaldiko emakumeak izango dira aitortza jasoko dutenak, azken lau hamarkadetan emakume mendizaleen ahalduntzea ikusarazteko egin duten lanagatik. Omenaldi txiki bat egingo diete 17:00etan Kalegoen plazan. (informazio osoagoa hemen)
•Morkaikoren Eguneko argazkiak eta bideoak
- 2023ko argazkiak eta bideoa
- 2022ko argazkiak eta bideoa
- 2019ko argazkiak eta bideoa
- 2018ko argazkiak eta bideoa
- 2017ko argazkiak eta bideoa
- 2016ko argazkiak eta bideoa
- 2015eko argazkiak eta bideoa
- 2014ko argazkiak eta bideoa
- 2013ko argazkiak eta bideoa
- 2012ko argazkiak eta bideoa
- 2011ko argazkiak eta bideoa
•Mendi Itzuliko argazkiak eta bideoak