Lehengo indarrarekin itzuli da Morkaikoren Eguna

Barren.eus 2022ko mai. 14a, 15:27

Gauzak egiteari, antolatzeari, lagatzen zaioenean kosta egiten da berriro hastea, ohiturak berrskuratzea, arrankatzea. Ez da izan Morkaikoren Egunaren kasua. Lehenago moduan edo indarberrituago egin dute gaur hamargarren ekitaldia.

Pandemia aurretik ohi zuen moduan, X. Morkaikoren Egunak mendizalez bete ditu Elgoibar inguruko mendiak. 500 lagunek baino gehiagok hartu dute parte Elgoibarko Mendi Itzulian eta Itzulitxoan. Ia 350ek Itzulian eta 200 inguruk Itzulitxoan. Adin guztietako mendizaleak gainera, oraindik ibiltzeko adinean ez diren ume ugarik egin baitute Itzulitxoa amaren edo aitaren bizkarrean. Batera eta bestera banatu diren familiak ere dezente izan dira, guraso bat umeekin Itzulitxoa egiten eta bestea 39 kilometroko Itzuli handia osatzen. Eguraldiaren trabarik ere ez dute izan. Hezetasun handia izan dute goizeko lehen orduetan eta bero sargoria Kalamuako azken aldapetan.  

Mendi bueltak amaitu ostean, Kalegoen plazan batu dira mendizaleak, Finalista Eguneko dominak banatu baititu Morkaikok Mayi Mujikaren laguntzarekin. Aurten bazkaririk ez antolatzea erabaki dute. Beste berrikuntza nagusia parte hartzaileek uneoro soinean eraman duten edalontzia izan da, horietan banatu baitiete ura antolatzaileek ibilbidean ipini dituzten anoa postuetan.

Kalamuako aldapa pikoetan eta Hiru-Iturri inguruan jaso ditugu Itzuliko eta Itzulitxoko irudiok. 

 

2022 05 14 morkaikoren eguna Itzulia Kalamua elgoibar 2 BARREN

2022 05 14 morkaikoren eguna Itzulitxoa 3 elgoibar BARREN

2022 05 14 morkaikoren eguna Itzulia Kalamua elgoibar 1 BARREN

2022 05 14 morkaikoren eguna Itzulitxoa elgoibar BARREN

2022 05 14 morkaikoren eguna Itzulia Kalamua elgoibar BARREN

2022 05 14 morkaikoren eguna Itzulitxoa 2 elgoibar BARREN

2022 05 14 morkaikoren eguna Itzulitxoa 4 elgoibar BARREN

2022 05 14 morkaikoren eguna itzulia kalamua BARREN b1