Egun horretarako antolatu du Morkaikok herriko mendizaleen festa den Morkaikoren Eguna, eta arratsaldean, 17:00etan, jasoko dute aitortza Txitxibilaldiak taldeko emakumeek. "Ekitaldi horren bidez, balioa eman nahi diogu, ia azken lau hamarkadetan, emakume mendizaleen ahalduntzea ikusasarazteko egin duten lanari. Zuen dedikazioa eta lorpenak aitortzeko unea dela uste dugu", azaldu dute omenaldi ekitaldiko sustatzaileek.
Lourdes Zubiaurre 'Txitxi' lagunaren omenez hartu zuen Txitxibilaldiak izena mendizale talde honek 2006ko urriaren 26an, baina ordurako makina bat gailur zapalduak zituzten. Mendian ibiltzea gustuko zuten, eta emakumeek ere aisialdirako eta kirolerako eskubidea zutela aldarrikatzeko elkartu ziren, kirola gizonen curriculumeko kontua baino ez zenean, duela 42 bat urte. 1984. urtetik, urtero-urtero mendi irteerak egin dituzte Elgoibarko zein inguruko herrietako hainbat emakumek. Guztira 41 emakume igaro dira taldetik eta zapatuan egingo dieten omenaldirako 20-25 bat egotea aurreikusten dute.
Soriako mendiak eta Iberiar penintsulako tontor garaienak
Soriako mendietara joatea da taldekoen aurtengo helburua. Eta horrekin batera, Iberiar penintsulako tontor garaienetara igo nahi dute. Aurten hiru tontor egiteko asmoa dute: San Millan (Burgos, Espainia), San Lorenzo (Errioxa, Espainia) eta Moncayo (Zaragoza-Soria, Espainia). Eta, Urbion eta Torre Vigara mendiak ere begiz jota dituzte. "Edadean aurrera goaz, eta zailtasun txikiagoko mendiak aukeratzen ditugu gure irteeretarako, baina oraindik ilusioa egiten digute elkarrekin egiten ditugun bidaia horiek", azaldu du Izaskun Estibaritzek.
- Euren ibilaldien berri, euren blogean: txitxibilaldia.blogspot.com