Elgoibarko Itzulikoak 6:00etan irtengo dira Kalegoen plazatik, eta 39 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute herria inguratzen duten mendiak igo eta jaitsiz. Guztira, 2.000 metro inguruko desnibel positiboa gainditu beharko dute.
Umeek Itzulitxoan parte hartzeko aukera izango dute. 8:30ean irtengo dira Kalegoen plazatik, eta 10:00etan, Idotorbetik. Bigarren aukera hori aukeratzen dutenei ibilgailua Idotorben aparkatzeko eskatu diete antolatzaileek eta ez Aubixa inguruko errepide bazterrean. Itzulitxoko partaideek Aiastiako anoa postuan berrituko dituzte indarrak, 12:00etan, denak elkarrekin herrira jaitsi aurretik.
• 77 domina banatuko dituzte
Finalista Eguneko dominak banatzeko ekitaldia 13:30ean egingo dute Kalegoen plazan. Aurten 77 lagunek jasoko dituzte dominak, 2022ko maiatzetik 2023ko apirilera bitartean igotako mendiengatik. Gutxienez bost mendi igo behar ziren zerrenda aurkeztu eta domina lortzeko eta 30 lagunek jasoko dute domina bost mendi igoteagatik. Bederatzi lagunek jasoko dute domina hamar mendi igotzeagatik, hamazortzi lgunek hamabost mendi igotzeagatik, hamar lagunek hogei mendi igotzeagatik, zortzik 25 mendi igotzeagatik, batek 30 mendi igotzeagatik eta, azkenik, bi lagunek jasoko dute domina 35 mendi igotzeagatik.
• Kamiseta berriak salgai
Morkaikotik jakitera eman dutenez, kamiseta berriak egin dituzte eta zapatuan salgai jarriko dituzte Kalegoren plazan, 12:00 etatik aurrera. Haur zein nagusientzako kamisetak erosteko aukera izango da, 10 euroan.
•Morkaikoren Eguneko argazkiak eta bideoak
•Mendi Itzuliko argazkiak eta bideoak