Eguenera bitartean, ateak zabaldu zituzten arratsaldero, bazkideek etxeko eta ingurukoei lantokia erakusteko, eta Danobat eta Bizilabe egitasmokoek ere izan zuten lantegia ezagutzeko aukera. Eguenean, berriz, agintari eta enpresa mundukoen bisita izan zuten Danobaten, eta barikua bazkide sortzaile, bazkide erretiratu eta hildako bazkide sortzaileen familiak elkartzeko eguna izan zuten. Egun berezia izan zen barikua zalantzarik gabe, aspaldi ikusi bakoak elkartu eta Danobaten izan diren aurrerapenak ikusteko aukera izan zutelako. Domeka, berriz, Danobateko familien eguna izendatu zuten eta 800 lagun inguru elkartu ziren jai-giroan, urteurrena borobiltzeko.