Danobat kooperatibak 20 milioi euro inbertitu ditu Elgoibarko instalazio berrian

Barren 2024ko api. 25a, 14:55

Agintari eta enpresa munduko lagunen bisita izan dute gaur Danobaten, Elgoibarren sortu zuten kooperatibak 70 urte bete dituela ospatzen ari baitira asteon. Bisita probestu dute 12.000 metro koadroko industria-planta berria inauguratzeko.

Ekitaldian eta lantegiaren bisitan izan dira, besteak beste, jarduneko lehendakari Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi Eider Mendoza, Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxaga, Mondragon Korporazioko presidente Iñigo Ucín eta Danobatgroupeko zuzendari nagusi Pello Rodríguez.

Danobatekoek urtemuga eta bisita baliatu dituzte 12.000 metro koadroko industria-planta beria inauguratzeko eta ezagutzera emateko. Inbertsio-plan baten lehen fasea dela azaldu dute: "Danobaten eskaera-kartera gero eta handiagoari eta garapen-estrategiari erantzuten dio, eta Danobatgroupen inbertsio-planarekin lerrokatuta dago". Danobatez gain, Soraluce eta Goimek kooperatibak ere sektorearen erronkei erantzuteko inbertsioak egiten ari direla gaineratu dute, 20 eta 10 milioi euro baino gehiago, hurrenez hurren.

Hazkunde "sendoa"

Danobatek hazkunde "sendoa" izaten jarraitzen duela nabarmendu dute kooperatibako arduradunek, Erdialdeko Europan, Txinan eta Ipar Amerikan, besteak beste, duen presentzia sendotuz. “Aurreikusten dugu 2024rako 200 milioi euroko fakturazioa gainditzea eta hurrengo aldi estrategikoan kontsolidatzea, lehiatzen garen doitasunezko soluzioetan erreferente gisa posizionatuz. Hori dela eta, Danobat marka hedatzen jarraitu nahi dugu, gure eskaintza teknologikoa dibertsifikatuz eta jatorri historikotik nabarmendu gaituen ingurunearekiko konpromisoa indartuz”, adierazi du Xabier Alzaga Danobateko CEOak gaur inauguratu duten azpiegitura berrian egin duten urtemuga ospatzeko ekitaldian.

Pabiloi berriaren ezaugarriak

Kooperatibak inauguratutako pabiloi berriaren inguruko xehetasunak eman ditu Altzagak. Ezaugarri bereziak ditu klimatizazioari eta lurzoruaren kalitateari dagokienez, doitasun handiko muntaia- eta abiarazte-jarduerak garatu ahal izateko. Era berean, plaka fotovoltaikoak instalatu dituzte, kontsumitutako energia guztiaren herena bide horretatik sortzeko, "kooperatibaren jasangarritasunean aurrera eginez eta haren karbono-aztarna murriztuz".

Ekitaldian eta lantegiaren bisitan izan dira, besteak beste, jarduneko lehendakari Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi Eider Mendoza, Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxaga, Mondragon Korporazioko presidente Iñigo Ucín eta Danobatgroupeko zuzendari nagusi Pello Rodríguez.

700 behargin mundu osoan

Danobateko arduradunek azaldu dutenez, instalazio berriek berresten dute Euskadin kalitatezko enplegua sustatuz hazteko eta kooperatibak merkatu global batean hobeto lehiatu ahal izateko duen tokiko gaitasuna indartzeko apustua.
"Ingurunearen iraunkortasun sozial, ingurumeneko eta ekonomikoarekiko konpromisoak markatu du gure ibilbide-orria 70 urteko ibilbidean. Gure jarduerak, osatzen duten pertsonen ongizatea eta aurrerapena bultzatzen ditu, eta hurbileko lurraldean eragin positiboa duten proiektuak sortzen ditu", adierazi du Altzagak.

Guztira 700 langile inguru dituzte mundu osoan, horietatik 410 Euskadin, eta Elgoibarren duen presentzia indartu nahi izan dute lantegi berria irekita, eta "funtsezko instalazioak" jarri dituztela azpimarratu dute, "nazioartean hiru eremu geografiko nagusietan hazten laguntzeko: Europa Erdialdean, Ipar Amerikan eta Txinan".

Danobati buruz

Danobatek Elgoibarren du egoitza nagusia, eta ekoizpen lantegiak eta bikaintasun zentroak ditu Brasilen, Txinan, Mexikon, Alemanian, Herbehereetan, Italian edo Estatu Batuetan. Kooperatiba, baina, Danobatgroupekoa da, 1.400 pertsona baino gehiago enplegatzen dituen eta Mondragon Korporazioan sartuta dagoen industria taldekoa. Aeronautika, automozioa edo trengintza bezalako sektoreetako enpresa liderrekin lan egiten du Elgoibarko enpresak.

Lehendakariaren berbak

Lehendakariak bere esker ona adierazi die kooperatibako kideei, jadanik egindako ibilbide luzearengatik eta "Euskadiren izen ona mundu osoan hedatzeagatik". Era berean, Lehendakariaren ahotan, euskal ekonomia ez da nabarmentzen enpresa oso handiak edo “start-up ugari” izateagatik, bai, ordea, produktu eta zerbitzu berezituak eskaintzen dituzten enpresa ertain ugari edukitzeagatik. “Euren merkatuan liderrak diren enpresak. Isilpeko txapeldunak, besteak beste, Danobat”, esan du. 

 

Iñigo Urkulluren adierazpenak, Jaurlaritzaren bideoan: