Elkarrizketa

“Orain arteko negozioak mantendu eta indartu nahiko genituzke, eta robotika arloan pausoak eman”

Ainara Argoitia 2024ko mai. 3a, 16:39

Jose Antonio Hidalgo, Danobateko Kontseilu Errektoreko lehendakaria.

70. urteurreneko ospakizunetan murgilduta harrapatu dugu Jose Antonio Hidalgo Danobateko Kontseilu Errektoreko lehendakaria, urteurreneko agenda beteari eta enpresako ardurei erantzuteko ahalegin betean, baina tarte bat hartu du Barrenetik bidalitako galdera-sortari erantzuteko.

70. urteurreneko ospakizunak bukatu berri dituzue. Zer balorazio egiten duzu bizitakoaz?
Oso positiboa. Parte-hartzea oso handia izan da antolatu ditugun ekintza guztietan, eta bisitariek ere izugarri eskertu digute egindako lana eta osatutako egitaraua. 

Langile bazkide gisa, zer egin zaizu gogoangarrien?
Bazkide fundatzaileek eta bazkide jubilatuek gure gaurko Danobat kooperatiba ikustera etorri zirenean agertu zuten lilura (ikus argazkietan). Proiektuari bultzada handia ematen ari garela sentitzeak, haien ahotik hori entzuteak, animoak eta indarra ematen dizkigu orain arteko bidetik lanean jarraitzeko.

Zerbait esan nahiko zenioke zure ardurapean duzun giza-taldeari?
70 urtean lortu duguna eta urteurren honetan ospatu dugun hau gaur egungo kolektiboari esker ere izan dela. Eta hain justu ere, horixe aitortzeko, eskertzeko eta ospatzeko antolatu ditugu Familia Eguna eta ateak irekitzeko jardunaldiak, besteak beste. Ekintza horietan lortu denak erakusten du bide onean goazela eta horrek indarra eta kemena ematen dizkigu Danobat proiektuari tiraka jarraitzeko.

Makina-erremintaren alorrean liderrak zarete nazioartean eta lidergo horri eutsi eta ahal den neurrian sendotzea dituzue erronka nagusi, osteguneko ekitaldian nabarmendu zenutenez. Nola lortu du erreferentzialtasun hori Danobatek?
Hein handi batean bere horretan erreferentea den lantaldea izanda. Historikoki, Danobatek izan duen langile kolektiboa oso maila handikoa izan da, eta hala da gaur egun ere. Primerako ezagutza teknikoa duten pertsonak dauzkagu taldean, giza balio handikoak. Horiek dira Danobateko pertsonak. Era berean, aipatzen duzun erreferentzialtasun hori lortzeko ezinbestekoak zaizkigu gure bidelagunak ere, direla hezkuntza zentroak eta dela gure hornitzaileen sare bikain hori. Eta bukatzeko, gure izaera eta enpresa ulertzeko eta egiteko ditugun modu eta mekanismoak nabarmenduko nituzke. Hitz batean, kooperatibagintza.

Zer eskaintzen dio Danobatek bezeroari?
Makinak baino gehiago soluzioak eskaintzen ditu Danobatek, bezeroek dituzten arazo eta beharrei erantzuteko soluzioak.

Zeintzuk ditu lehiakide nagusiak?
Batik bat Alemaniako eta Japoniako makinaerremintako fabrikatzaile batzuk; ez dira asko oso indartsuak direnak eta maila handiko markak.

Zeintzuk dira Danobaten merkatu nitxoak gaur?
Merkatu aeroespaziala, energetikoa, trengintza eta automozioa dira esanguratsuenak.

Non edo zertan duzue begia jarrita?
Orain arteko negozioak mantendu eta indartu nahiko genituzke, baina horretaz gain, robotika arloan pausoak eman nahi ditugu.

Zer eskatzen du merkatuak?
Gure merkatua oso-oso exijentea da eta betebehar zorrotzak jartzen dizkigu dela kalitateari dagokionez, dela prezioei dagokionez eta dela epeei dagokionez ere. Oso epe estuekin ari gara lanean. Baina hori guztiaz gain, gure bezero askok zera eskatzen dute bereziki: konfiantzazko partner/bidelagun teknologiko bat izatea, azkeneko soluzioetan aurreratua dagoen bidelaguna.

Zeintzuk dira hemen bertako eta nazioarteko industria sarean berrikuntzaren etorkizuna markatuko duten joerak?
Batetik esango nuke ODSekin erlazionaturik dauden gaiak indartsu sartzen hasi direla eta hala jarraituko dutela. Bestetik, gero eta soluzio autonomoagoak/automatizatuagoak eskatzen direla azken urteetan, industria arloan (azken urteetan behintzat) lana egiteko gero eta pertsona gutxiago daudelako.

Zer erreminta dauzka Danobatek datorkionari aurrea hartzeko?
Ezagutza eta konpromiso handiko giza-taldea izatea da gure erreminta nagusia. 

Dibertsifikazio teknologikoa aipatu zenuten. Pentsatzekoa da ezberdintzea dela gaur arrakastaren gako nagusietako bat. 
Bai, baina bezeroari zerbitzu on bat (edo abantaila) eman behar dion ezberdintze bat izan behar du horrek; hor dago gakoa.

Zer beste faktorek laguntzen du arrakasta lortzen?
Pertsonak eta enpresak dituen egiteko moduak izaten dira bi faktore garrantzitsuenak, eta esango nuke ez dagoela beste faktorerik; beste dena kanpoko faktoreak dira eta horien kontrola ez daukagu enpresok.

Sorreratik izan da berezia Danobat. Ezaugarri sozialak zituen eredua izango zela adostu zuten fundatzaileek, eta autonomia, ardura soziala eta giza balioekiko kezkaren ordainetan, zailtasun ugariri aurre egiteko konpromisoa hartu zuten. Zein erronka dauzka kooperatibismoak gaur?
Euskadiko kooperatibismoa sortu zenean gabezi handiak zeuden gizartean eta kooperatibismoa erreminta paregabea bilakatu zen gabezi horiei aurre egiteko. Gaur egun ongizate maila oso handia daukan gizartea da gurea eta zailagoa izaten da kooperatibismoaren onurak azaleraztea, baina gaur egun ere, hor daude eta niretzako nabarmenak dira.

Zeintzuk erronka dauzkazue etxe barrura begira jarrita?
Merkatuan posizioa mantentzea, ez dela gutxi, eta balio kooperatibistei beste bultzada bat ematea.

Zer nahi zenuke izatea beti Danobaten bereizgarri?
Barrura begira jarrita, erdigunean beti pertsonak jartzen dituen enpresa izatea. Kanpora begira, berriz, kooperatibaz batera, inguruaz ere arduratzen garela: hornitzaileez, herriaz, gizarteaz/komunitateaz, inguruneaz/planetaz, justizia sozialaz…