Kristautasunaren aurreko osagai paganoak dauzka Santa Ageda bezperan kantuan ibiltzeak. Inauterien izaera berbera ematen diote etnografo batzuek: natura lozorrotik irteteko zarata egin eta negu gorria bukatzera doala ospatu. Hortik makilekin lurra kolpatzearena. Baina zentzu etnologikoaz gain, beste helburu bat ere izan du aspaldiko urteetan Santa Ageda bezperak: eskea. Etxerik etxe, eskean ibiltzea izan da tradizioa gurean, trukean etxekoei kopla batzuk kantatuz, eta usadio horri eusten diote Elgoibarren eta Mendaron ere zenbait taldek. Atzo aritu zen Mendaron 40 bat laguneko kuadrilla santa eskean. Elgoibar erdigunean ere entzun ziren atzo koplak eta bertsoak, Etxegiña taldekoei esker.
Goiko bideoan Katxiporretakoek, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek, 2019an 'Musua' CDan kaleratu zuten 'Oles, oles' kantua, Atxutxiamaikako taldekoen ahotsean.
Familien taldea iaz irten zen estreinakoz santa eskean. 25 bat ume eta guraso ibili ziren kantuan eta eskean Idotorbeko baserrietan, Uxue Alberdi eta Ane Labaka bertsolariekin.
OLES, OLES hitzak:
Oles, oles
lurra esna zaitez!
Oles, oles
lurra esna zaitez!!!
Aharrausi egin du basoak
zuhaitzek zabaldu besoak
kantuan hasi dira
birigarroak eta zozoak.
Aharrausi egin du basoak
zuhaitzek zabaldu besoak
dantzari hasi dira
azeriak eta otsoak.
Aharrausi egin du basoak
zuhaitzek zabaldu besoak
berriro entzun dezan
taupadaka mundu osoak.