Urtero moduan 08:30ean abiatu da Herriko Enparantzatik kanturako kuadrilla. Hiru talde egin dituzte: Mendarozabal auzokoek, Beñat Lizaso eta Aitor Salegi izan dituzte koplari eta Idurre Arriola, Amaia Sukia eta Maite Olazabal soinu eta panderoarekin. Garagartzan, berriz, Aitor Zubikarai, lan-kontuengatik herrira lotutako bertsolaria, eta Iñigo Zubiaurre 'Beitxi' mendaroarra izan dituzte koplari-lanetan eta Iñigo Loiola, Leandro Esnaola, Garazi Ulazia, Sonia Archeli eta Aitana Perez ama-alabak aritu dira soinu eta panderoarekin, eta Azpilgoetako taldeak ere beste bi bertsolari-lagun izan ditu kopla kanturako: Amaia Agirre eta Nerea Elustondo. Trikiti eta panderoarekin, berriz, Iñaki Elortza Kortaberri', Jon Larrañaga eta Igor Rey aritu dira. Eta haien ondorik beste dozenaka lagun jardun dira koruak egiten.
Baserriz baserri aritu dira lehenengo eta kalez kale gero. Kale-bazter guztiak koplatu ostean Aizpe elkartera batu dira, bazkaltzera. Aizpeko bazkide talde batek gertatu die bazkaria, eta kantuan eta bertsotan eman dute bazkalostea. Aurten, bildutako dirua In Leike kultur elkartearentzako izango dela adierazi dute santa-eskekoek. Eusebio Mugertza Txirristaka bertso-jartzailearen 150. urtemugako kultur-programa lotzen dihardu In Leikek, besteak beste, eta gaur bildutako dirua horretarako erabiliko dutela jakinarazi dute.