Donostiako Loiolatarrak taldeko bikotearen aurka jokatutako finalerdietako bi neurketak irabazi dituzte Kepa Arrizabalagak eta Gorka Lizarraldek. Ikastolako frontoian jokatutako joaneko partidan 25-17 irabazi zieten Ubedari eta Zumetari. Itzulerako partida estuagoa izan zen arren, hor ere palista elgoibartarrak gailendu ziren, 23-25 emaitzarekin. Honenbestez, Lagunak pilota eskolako bikoteak jokatuko du Bigarren Mailako Gipuzkoako Txapelketako finala. A. Zabalak eta M. Azpeitiak osatutako bikote zarauztarra izango dute aurkari finalean. Zapatuan, hilaren 24an, izango da finala Zarautzko Aritzbatalde frontoian, 17:00etan hasita. Finala galdu edo irabazi hurrengo denboraldian mailarik gorenean, Lehen Mailan, lehiatuko dira Arrizabalaga eta Lizarralde. Lehen eta Hirugarren mailetako finalak ere Zarautzen jokatuko dituzte, pilota jaialdi berean
• Odria eta Aramberri finalerdietan
Era berean, 22 urtez azpikoen Gipuzkoako Txapelketan parte hartzen diharduen Lagunak taldeko bikoteak finalaurrekoetarako sailkatzea lortu du. Aranberri azpeitiarrak eta Iker Odria elgoibartarrak osatutako bikoteak zaleen aurrean jokatuko du finalerdia, barixakuan (azaroak 23), Ikastolako frontoian (20:00). Partida bakarrera jokatuko da finalerako txartela ematen duen finalaurrekoa. Gazteleku taldeko Alcorta eta Ponce izango dituzte aurkari Aramberik eta Odriak.
∞ Lotura duten albisteak:
- Arrizabalaga eta Lizarralde elgoibartarrak irabazle Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekian (2018-05-22)
- Elgoibarko palistak Herriartekotik kanpo, tantoen aldeagatik (2018-05-21)
- Kepa Arrizabalagak irabazi du Udaberri Saria Xabi Garalderekin bikotea osatuz (2018-03-21)
- Beñat Arrizabalaga eta Ander Conde Gipuzkoako txapeldun gomazko paleta txapelketan (2017-12-04)
- Hirugarren txapela Irusta eta Arrizabalagarentzat bikote mistoen pala txapelketan (2017-10-28)