Kepa Arrizabalagak irabazi du Udaberri Saria Xabi Garalderekin bikotea osatuz

Barren.eus 2018ko mar. 21a, 14:01

Kepa Arrizabalaga elgoibartarrak eta Xabi Garalde berritxuarrak osatutako bikoteak irabazi du Udaberri Saria, gomazko paleta modalitatean.

Mutrikuko Danok Bat taldea ordezkatu dute Arrizabalagak eta Garaldek Udaberri Sariko Lehen Mailan. Lehen fasean finalerdietarako sailkatu eta Real Sociedad taldeko Antxordoki eta Telletxea kanporatu ostean (25-22), joan den barixakuan jokatu zuten finala Mutrikuko Miruaitz frontoian.

Arrizabalagak eta Garaldek Zarautzko pilota taldeko Aizpuru eta Daguerre izan zituzten aurkari, eta 25-17 irabazi zuten finala (txapelketako emaitzak). Esperientzia handiagoko bikoteen aurka jokatu duten arren, txapelketa "oso ona" osatu dute elgoibartarrak eta berritxuarrak, eta pastelari ginda jarri zioten finala irabazita.