Arrizabalaga eta Lizarralde elgoibartarrak irabazle Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekian

Barren.eus 2018ko mai. 22a, 14:45

Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekiaren 14. ekitaldia jokatu dute azken hilabeteetan Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan. Joan zen zapatuan jokatu zituzten finalak eta, Bigarren Mailan, Kepa Arrizabalaga eta Gorka Lizarralde Lagunak taldeko pilotari elgoibartarrak gailendu ziren.

Joan den zapatuan jokatu zituzten Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekia txapelketako lau kategoriatako finalak, Madalensoro pilotalekuan. Bigarren Mailako finalean lehiatu ziren Kepa Arrizabalaga eta Gorka Lizarralde elgoibartarrak. Ia bi orduko partida lehiatua jokatu ostean, Lagunak Pilota Eskolako pilotariek 25-19 irabazi zieten Andueza eta Rodriguez urretxuarrei. Bikote elgoibartarrari ez zitzaion zaleen babesik falta izan harmailetan, Elgoibartik joandako 25 bat lagunen animoak izan baitzituzten alde.
Inoiz baino parte hartzaile gehiago izan ditu aurten Giriziaren pilota sailak antolatzen duen txapelketak. Gizonen mailan 76 bikote aritu dira lehian, asteburuz asteburu, otsailaren 3an hasi zen lehiaketan.

Kepa Arrizabalagarentzat denboraldi honetan jantzi duen bigarren txapela da Oiartzungoa. Aurrez, martxoan, Udaberri Saria irabazi zuen gomazko paleta modalitatean, Xabi Garalde berritxuarrarekin batera. Elgoibarren Kalegoen plazako frontoian jokatzen diren pala txapelketak ere sarritan irabazi ditu Arrizabalagak.

Informazio osoagoa: oarsoaldea.hitza.eus

2018 05 19 kepa arrizabalaga lizarralde eh pala txap madalensoro

∞ Lotura duten albisteak: