Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, 63.238 euro (BEZa barne) bideratuko ditu Bernardo Ezenarro kalea berrurbanizatzera. "Kalea norabide bakarrekoa izateko trafikoarentzat, espaloia zabaltzeko eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko", azaldu dute udal arduradunek. Era berean, galtzadaren alde batean hogei aparkaleku egingo dituzte. Iosu Arraiz hirigintza zinegotziaren esanetan, lanak hurrengo asteetan hastea aurreikusten dute eta gutxi gorabehera bi hilabeteko iraupena izango dute, beti ere eguraldiak laguntzen baldin badu.
San Rokera igotzeko igogailuraino doan espaloia ere zabaldu egingo dute, eta hala, igogailua eta anbulatorioaren arteko zebra-bidetik igarotzen diren oinezkoen segurtasuna handitu. Gaur egun dagoen espaloiak 1,5 metro inguru dituela jakinarazi dute, eta berrurbanizazio lanak amaitutakoan, 2 eta 3,5 metro bitarteko zabalera izango du. Trafikoarentzat errei bakarrarekin nahikoa izango denez, galtzadaren alde batean hogei aparkaleku sortuko dituzte.
•Herritarrek bozkatutako proiektuetako bat
2018ko udal aurrekontuak osatzeko martxan jarritako prozesu parte hartzailean boto gehien jaso zituzten hiru proiektuetako bat da Bernardo Ezenarro kalea berrurbanizatzea. Beste bat, Urazandi eta Aizkorri arteko bidexka berrurbanizatzeko lanak, martxan daude. Elgoibarko akate Ane Beitiak adierazi du prozesu parte hartzailean lehenetsitako beste proiektu bati hasiera ematen diotela, "herritarren aurrean hartutako konpromisoari erantzun bat emanez". Era berean, Beitiaren esanetan, oinezkoei lehentasuna emango dion obra da Bernardo Ezenarron egingo dutena, oinezkoen segurtasuna bermatzeko, bai zebra-bidean, bai anbulategiko sarreran.
∞Lotura duten albisteak:
- Urazandi eta Aizkorri arteko bidexka berrurbanizatzeko lanak hasi dituzte (2019-01-15)
- 18,2 milioi euroko aurrekontua izango du Elgoibarko Udalak 2019an, aurtengoa baino %3 handiagoa (2018-12-21)
-
Aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan boto gehien jaso zuten hiru proiektuak gauzatuko ditu Udalak (2018-09-10)
- EHBilduren ustez Udalak abiatu duen partaidetza bidezko aurrekontuen proiektuak ez ditu gutxieneko baldintzak betetzen (2018-06-21)
- Elgoibarko Udalak 200.000 euro bideratuko ditu aurrekontu parte hartzaileetara (2018-06-20)