Aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan boto gehien jaso zuten hiru proiektuak gauzatuko ditu Udalak

Barren.eus 2018ko ira. 10a, 10:54

Elgoibarko Udalak proposatutako zortzi proiekturen artetik zeinek zuen lehentasun handiena bozkatzeko aukera izan zuten herritarrek, Udalak ekainean abiatu zuen prozesu parte hartzailean. Puntu gehien lortu zituzten hiru proiektuak egingo dituzte.

2018ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan jasotako emaitzen berri eman zuen Udalak abuztuan. Guztira 374 herritarrek hartu zuten parte Udalak ekainaren amaieran martxan jarri zuen ekimenean. Udalak parte-hartze datuen balorazio oso positiboa egin du. Elgoibarko alkate Ane Beitia nabarmendu du zifra esanguratsuak direla "oso", aurrekontu parte-hartzaileak martxan jartzen diren lehenengo aldia izateko. "Datu hauek, ildo eta bide honetan lanean jarraitu behar dugunaren erakusgarri dira”, azaldu du. Elgoibar "hobeago bat" eraikitzeko erronka handienak identifikatzea guztion artean erabaki beharrekoa dela adierazi du. 

Ekainaren 18 eta 30 bitartean, 16 urte baino gehiagoko 374 elgoibartarrek Udalak proposatutako zortzi proiektuen artean euren lehentasunak adierazi zituzten, Internet bidez zein kalean jarri zituzten boto kutxetan botoak emanez. Parte-hartzaileek proiektu guztiei eman zien puntuazioa, garrantziaren arabera, 1etik 8ra (8 balio handiena izanda). Udalak 200.000 euro bideratuko ditu herritarrek lehenestutako proiektuak gauzatzeko. Kopuru hori jasota dago aurtengo aurrekontuetan. Diru horrekin boto gehien jaso duten lehen hiru proiektuak egin ahal izango dituzte. Hona proiektuak eta Udalak egin asmo dutenaz emaniko azalpenak:

  1. Bolatokiko parkea berrurbanizatzea (2.124 puntu. 100.000 euroko aurrekontua): Bolatokiko plaza, gaur egun, igarolekua da eta ez da askotan erabiltzen egoteko leku gisa. Espazio hori bizilagunen aisialdirako erabilitzeko asmoz, plaza berrurbanizatzea proposatu da, argitsuago eta erakargarriago bilakatuz. Horrela, udalerriaren erdigunean egoteko eta jolasean aritzeko eremu berri bat sortuko da.
  2. Aizkorri eta Urazandi lotuko dituen oinezkoen pasealekua (1.926 puntu. 55.000 euroko aurrekontua): Aizkorri eta Urazandi auzoen artean bidexka bat dago, eta bertatik, egunero-egunero igarotzen dira bizilagunak. Proiektuaren bitartez, bide hori berrurbanizatu, egokitu eta bere onera ekarriko da, Elgoibarko auzoen arteko lotura hobea izateko eta, halaber, udalerriko ibilbide osasungarrien sarea sustatzeko.
  3. Bernardo Ezenarro kalea berrurbanizatzea (1.821 puntu. 50.000 euroko aurrekontua): Proiektuak, trafikoari dagokionez, noranzko bakarreko kale bilakatuko du Bernardo Ezenarro kalea. Espaloia zabaldu egingo da eta anbulatorio aurreko zebra-bidetik igarotzen diren oinezkoen segurtasuna handitu. Gainera, galtzadaren alde batean aparkalekuak sortu ahal izango dira.

2018 09 06 parte hartze prozesua elgoibar udala 3 bozkatuenak bolaokixa 2

2018 09 06 parte hartze prozesua elgoibar udala 3 bozkatuenak urazando aizkorri

2018 09 06 parte hartze prozesua elgoibar udala 3 bozkatuenak ezenarro

• Parte hartzeko moduak

Prozesuan parte hartu duten pertsonen artean, %61 emakumezkoak izan dira eta %39 gizonezkoak. %53ak gazteleraz hartu du parte eta %47ak euskaraz. Era berean, 141 elgoibartarrek (%38) eman dute bozka Interneten bidez. Beste 233 lagunek modu presentzialean eman zuten botoa, zehazki, 127k (%34) Kalegoen plazan instalatutako karpetan eta 106k (%28) Gotzon Garate Udal Liburutegia, Jubilatuen Etxea, Kultur Etxea, Herritarren Arreta Zerbitzua eta Olaizaga Kiroldegian kokatutako kutxatiletan botoa emanda. Ikus emaitzak -PDF-

2018 09 05 parte hartzea 8 proiektu udala botoak

Lotura duten albisteak:

2018 09 05 aurrekontu parte hartzaile elgoibar botoak ekainak23