“Herritarren partaidetza kudeaketa garden eta berri baten oinarria izan behar du, ez betiko kudeaketa eredua zuritzeko eta apaintzeko”, dio EH Bilduk. "Zazpi urte daramazkigu proposame zehatzak egiten aurrekontu parte hartzaileak sustatu nahian. Erantzuna jaso izan dugunean, ezezkoa izan da beti. Beraiek ondo ezagutzen dituztela herritarren beharrak argudiatu dute", azaldu dute.
Demokrazia lau urtean behin botoa ematea baino gehiago dela sinesten dutenek herritarren parte hartzea ahalbideratzen duen praktika bultzatzea dutela helburu dio EHBilduk, baina uste dute proiektu honek ez dituela gutxieneko baldintzak betetzen. Honako argudioak aipatu dituzte. Batetik, egitasmoaren testuinguruan jarri dute azpimarra. "Aurten, berriro ere, aurrekontuak egiterako orduan herritarrekin eta eragile sozialekin ez da ezertarako kontatu. Herritarrok ez dugu izan informaziorik, ez eta Udalaren asmoen berri jaso ere. Ez dugu inongo aukerarik izan gure iritziak edo ekarpenak bideratzeko. Herritarrok jaso dugun lehen berria aurrekontuak onartuak izan direla izan da", esan dute. Bestetik, egitasmoaren ezaugarriak kritikatu dituzte. "Horrelako prozesu parte hartzailea batean herritarrok izan behar dugu aukera proiektuak proposatzeko. Eta behin jasotako proposamenak eta beren bideragarritasuna aztertu ondoren, herritarrok hautatu. Kasu honetan Udalak, soilik, eurek egin nahi dituzten proiektuak hautatzeko aukera ematen digute. Konfiantza falta?".
EHBilduren arabera, partaidetza bidezko aurrekontuen proiektuak ez du herritarrek udal politiken diseinuan parte hartzeko biderik eta aukerarik ematen, "are gutxiago zazpi urtean aurrekontu parte hartzaileen inguruan ezer egin ez denean".