Elgoibar eta inguruetako natura eta mendiko ondarea ezagutzeko irteera multzoa antolatu zuen iaz Morkaikok, mendi taldearen 75. urteurrenaren harira. Irteerek sortu zuten interesa eta izan zuten arrakasta ikusita, aurten ere natura eta ondarearekin zerikusia duten hainbat irteera prestatuko dituzte. Sargoaten hezegune txiki bat sortzea izango da aurreneko ekimena. Martxoaren 24rako antolatu du irteera hori Morkaikok eta auzolanean oinarritu nahi dute. Sargoateko iturria bera ere auzolanean berritu zuen Morkaikok 2013an.
• Anfibioak animalia talde mehatxatuenetariko
"Gaur egun, anfibioak animalia talde mehatxatuenetariko bat dira. Horiek babesteko orduan, ezinbestekoa da ugaltzeko erabiltzen dituzten hezeguneak mantentzea eta ahal den heinean, hezeguneak urriak diren inguruetan berriak sortzea", azaldu dute Morkaikotik. Elgoibarren anfibioentzako egokiak izan daitezkeen hezegune gutxi daudela diote eta are gutxiago ezpezie jakin batzuentzako. Ondorioz, Sargoateko iturriaren ondoan putzu edo hezegune txiki bat sortzea neurri oso aproposa izan daitekeela uste dute. Gainera, hezegune txiki hori sortuta, anfibio espezieak ugaltzeaz gain beste animalia batzuentzako; ornogabe urtarrentzako, esaterako, toki apropos bat sortuko dugu", zehaztu dute. Morkaikok Aranzadi zientzia elkarteko kideen laguntza ere izango du egitasmo honetan.
Martxoaren 24an, domeka, izango da irteera. IMHko aparkalekuan elkartuko dira 9:30ean, handik Sargoatera igotzeko. Irteeran parte hartzeko izena eman behar da. E-postaz (morkaiko@morkaiko.eus) edo telefonoz (636 994 798) egin daiteke izen ematea.
∞Lotura duten albsteak:
- 'Eup, Morkaiko!' dokumentala sarean ikusgai jarri du Morkaikok (2018-12-05)
- Moruko Burdin Aroko herrixka ezagutzeko irteera antolatu du Morkaikok (2018-11-07)
- Saguzarrak ikusi eta entzun (2018-10-24)
- Saguzarrak eta mikologia aztergai Morkaikok astebururako antolatu dituen bi irteeretan (2018-10-15)
- Hegaztien munduan barneratzeko aukera izan zuten Morkaikoren irteeran parte hartu zuten lagunek (2018-06-14)
- Narrastiak ezagutzeko irteera antolatu du Morkaikok maiatzaren 19rako (2018-05-15)
- Elgoibarko natura eta ondarea ezagutzeko bederatzi irteera antolatu ditu Morkaikok (2018-03-28)
- 75 urte betetzeko atarian, ilusioz eta ekiten jarraitzeko gogoz dago Morkaiko (2017-10-20)
- Mendia eta zientzia uztartuko ditu Morkaikok antolatutako hitzaldi-zikloak (2017-02-06)
-
30 bat lagunek hartu dute parte Sargoateko iturria auzolanean berritzeko lanetan (2013-10-08)