"Irteera ziklo moduko bat antolatu dugu, bederatzi irteerez osatua, eta gai bati buruzkoa izango da bakoitza. Anfibioak, narrastiak, izarrak, espeleologia, burdin aroko ondarea, saguzarrak, mikologia eta geologiari lotutako irteerak izango dira, eta bakoitzak arduradun edo gidari bat izango du, besteak beste, Ander Izagirre, Inma Muguerza, Ignacio Muguerza, Antton Alberdi, Jokin Martinez, Asier Sarasua edo Iñaki Etxaniz", azaldu du Morkaiko mendi taldeko kide Aitzol Arriolak. Elgoibarko Udalaren eta Aranzadi zientzia elkartearen laguntza izango dute irteerak antolatzeko.
• Gertu eta adin guztietarako egokiak
Elgoibar inguruan izango dira irteera guztiak eta adin guztietarako egokiak. Pare bat irteera, baina, ume eta gazteentzako bereziki prestatuak izango dira, espeleologia eta mikologia landuko dituzten irteerak, hain justu ere.
• Anfibioak ezagutzeko gaueko irteera
Estreinako irteera apirilaren 13an egingo dute. Ander Izagirre elgoibartarraren gidaritzapean anfibioak ezagutzera joango dira, eta irteera gauez egingo dutela izango da berezitasun nagusia. Izan ere, anfibioen ugalketa garaian, aktibitate handiena gauez izaten dute. Ander Izagirrek urte asko daramatza Euskal Herriko anfibio zein narrastiei buruzko ikerketak egiten, eta irteera honetan inguruan daukagun aberastasun herpetologikoa balioztatzen erakutsiko du, baita bertako espezie desberdinak bereizten ere. Buruko argia edo linterna eraman beharko da, eta afaria ere bakoitzak berea eraman beharko du. IMHko aparkalekutik abiatuko dira, 20:00etan. Interesatuek morkaiko@morkaiko.eus e-postara idatzita edo 636 994 798 telefono zenbakira deituta eman dezakete izena. (ikus hemen Ander Izagirreren Naturzalia bloga)