Mikologia irteera domekan, urriaren 20an, izango da. Irteeran parte hartu nahi dutenek Kaleghoen plazara agertu beharko dute domekan, 9:30ean. Ume zein nagusiei zuzendutako irteera da, baina umeak ezingo dira bakarrik joan, guraso edo arduradun batekin baizik. Morkaikokoek Karakate mikologia elkarteko kideekin eta guraso elkarteekin elkarlanean antolatu dute Mikologia irteera, hirugarren urtez. Izan ere, Karakate elkarteak antolatu duen 44. jardunaldi mikologikoen barruan antolaturiko ekintza ere bada. Txango honen helburua perretxikoen mundua ezagutu eta errespetatzen ikastea dela azaldu dute antolatzaileek. "Helburua ez da ahal diren perretxiko gehien batzea. Helburua da perretxiko mota desberdinen ale bakan batzuek batu eta gero, horiek aztertzea, perretxikoek guk uste duguna baino garrantzi haundiagoa baitute gure mendietako ekosisteman". Iaz Karakateko magalean aritu ziren perretxiku bila, eta aurten ere inguru horretara joango dira.
Karakateko kide Ignacio Muguerza Perello izango da irteerako gidaria. Topatzen dituzten perretxikoak batzeko telazko zorro bat edo otarra bat, labana txiki bat eta biderako ziska-mizkaren bat eramatea aholkatu dute antolatzaileek, derrigorrezkoak ez badira ere.
• Saguzarrak ezagutzera Sallobentera
Saguzarrak ezagutzeko irteera barixaku honetan, urriaren 19an, egingo dute. Dagoeneko ez dago izena emateko aukerarik, plazak mugatuak zirelako, eta guztiak bete direlako. Saguzarretan aditua den Antton Alberdi Estibaritz biologo elgoibartarra izango da irteerako gidaria. Sallobente errekan gora joango dira saguzahar bila. Ondarea eta natura ezagutzeko zikloko hurrengo irteera azaroaren 10ean izango da, Morura.
• Zumaiako Flysh-a ezagutu zuten azken irteeran
Inguruko natura eta ondarea ezagutzeko zikoko azken irteeran, joan den urriaren 6an, Zumaiako itsaslabarretako geologiak dituen berezitasunak ezagutu zituzten, Inma Muguerzak gidatutako irteera didaktikoan.