Europako eskubaloi txapelketak jokatuko dituzte June Loidik eta Julen Urruzolak Espainiako selekzioarekin

Barren.eus 2019ko eka. 5a, 10:57

June Loidik junior mailako Europako Eskubaloi Txapelketa jokatuko du Hungarian Espainiako selekzioarekin; eta, Julen Urruzola promesa mailako Open Europa Txapelketan lehiatuko da Suedian.

Györ (Hungaria) hirian jokatuko dute junior mailako Europako Eskubaloi Txapelketa, uztailaren 11tik 21era, eta Espainiako hautatzaile Imanol Alvarezek hamasei jokalariz osatutako azken deialdian sartu du June Loidi, Hotel Gran Bilbao Prosetecnisa Zuazo taldeko jokalaria. Azken bi udetan jubenil mailako nazioarteko txapelketetan emaitza onak lortu dituzten 2000-2001. urteetan jaiotako jokalarientzako lehen txapelketa garrantzitsua izango dela nabarmendu dute Espainiako taldeko arduradunek. Pinto herrian hasiko dute Europako txapelketarako prestaketa, ekainaren 27an. Gero Lau Nazioen Torneoa jokatuko dute Portugalen, Portimaon, eta uztailaren 10ean bidaiatuko dute Hungariara.

June Loidik senior mailako Espainiako selekzioarekin jokatu berri du Munduko Eskubaloi Txapelketarako kanporaketa. Joan den maiatzaren 31n jokatu zuten joaneko partida, Antequeran, Islandiaren aurka, eta 35-26 irabazi zuen Espainiak. Eguen honetan, ekainaren 6an, jokatuko dute itzulerako partida, Reykjavik-en. Kanporaketa gainditzen duen taldeak abenduan Japonian jokatuko den Munduko Txapelketa jokatzeko txartela eskuratuko du.

• Julen Urruzola Hispanos Promesas taldearen deialdian
Promesa mailako gizonezkoen Espainiako eskubaloi selekzioak Europa Open nazioarteko txapelketa jokatuko du Göteborg (Suedia) hirian, uztailaren 1etik 5era, eta Francisco Marti hautatzaileak deialdian sartu du Julen Urruzola elgoibartarra, Sanloko jokalaria. Espainiak Geoorgiako selekzioaren aurka jokatuko du aurreneko partida, uztailaren 1ean. Lehen fasean Norbegia, Israel, Feroe Uharteak eta Estonia ere izango ditu aurkari Espainiak.

∞Lotura duten albisteak: