Suediak Espainia kanporatu du eta amaitu da munduko txapelketa Nora Kortaberriarentzat

Barren.eus 2016ko uzt. 11a, 15:00

Espainiako selekzioak agur esan dio Moskun jokatzen ari diren junior mailako Munduko Eskubaloi Txapelketari. Suediak kanporatu ditu espainiarrak final-zortzirenetako partida 13-29 irabazita. Hortaz, amaitu da munduko txapelketa Nora Kortaberriarentzat.

Suediak 16 goleko aldeaz gainditu du Espainia final zortzirenetako kanporaketan. Multzoka jokatu den lehen fasean Errusiaren aurkako partida bakarrik galdu zuen Suediak. Espainiaren bidea, aldiz, gorabeheratsuagoa izan da, Alemania eta Errumaniaren aurka bi partida jarraian galdu zituelako, batez ere. Eskandinabiarrak nagusi izan dira gaur eguerdian Moskun jokatu duten neurketan. Suediako taldearen defentsa zulatzea asko kosta zaie espainiarrei eta bost gol bakarrik sartu dituzte lehen zatian eta zortzi bigarrengoan. Suediarrek errazago gainditu dute Espainiarren defentsa eta hamalau eta hamabost gol sartu dituzte, hurenez hurren, lehen eta bigarren zatian.

Lehen zatiaren amaieran, Suediak bederatzi goleko abantaila (5-14) zuen markagailuan. Espainiak aldea murrizteko ahalegina egin du bigarren zatiaren hasieran, eta 4-0ko partziala ere lortu dute. Une horretan, baina, hutsartea eskatu dute Suediako entrenatzaileek, eta hor amaitu dira espainiarrek markagailuari buelta emateko zituzten itxaropenak. Partidaren amaierara bitartean aldea handitu dute suediarrek, eta 13-29 amaitu da partida. Nora Kortaberriak gol bat sartu du gaurko partidan, pelaltiz (beheko argazkian). Espainiak Brasilen aurka jokatuko du martitzenean (uztailak 12), 11. eta 12. postuak erabakitzeko partida, eta etxera bueltatuko dira gero.

nora kortaberria penaltia moskun elgoibar

nora kortaberria espainia selekzioa euskaldunak mosku elgoibar

∞Lotura duten albisteak: