"Andra guztiok degu/ bizi-poztasuna / ospatu daigun gure ahizpatasuna / mundu guztian zehar/ eta Euskal Herrian / eskutik helduta / danok elkartuta / Martxoaren 8a gure eguna!" zioen elkarretaratze bukaeran kantatu duten bertsoak.
Manifestuan, berriz, borroka feminista "inoiz baino beharrezkoagoa" dela jaso dute, eta kaleak "errebeldiaz" betetzera deitu dute. Emakumeek bizi duten prekarietateaz ohartarazi dute, eta emakumeek egiten duten lanari duen balioa aitortzeko eskatu dute. Zaintzaren gaia ekarri dute lehen lerrora, eta era berean, gogoan izan dituzte Atzerritarrei Buruzko Legea sufritzen duten pertsonak. "Pertsona horiek ezin dituzte beren eskubideak eskuratu, lege horren oztopo administratiboak direla eta. Eskubide guztiak pertsona guztientzat", irakurri dute. Indarkeria matxistaren inguruko datuak ere gogorarazi dituzte, matxismoak hil egiten duela ohartarazteko. 2019an, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian, indarkeria matxistak 4.419 biktima utzi zituela ohartarazi dute. "Guztira, 3.098 emakumek bikotekidearen edo bikotekide ohiaren erasoa jasan zuten; 899 emakumek bikotekidea edo bikotekide izandakoa ez den beste gizon baten indarkeria sufritu zuten, eta 422k, familiatik kanpoko sexu-indarkeria jasan zuten". Horren harira nabarmendu dute indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen kopuruak eta biktimizazioenak gora egin zutela 2019an, 2018ko datuekin alderatuta.
∞Lotura duten albisteak:
- Borroka feministarako deiak ehunka lagun atera ditu kalera gaur, martxoak 8 (2020-03-08)
- Martxoak 8ko programa bete-betea dator (2020-03-05)
- Elgoibarko emakume kirolariek toki berezia edukiko dute Martxoaren 8aren harira antolatutako egitarauan (2020-02-27)
- Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, hogei bat ekintzaz osatutako egitaraua prestatu du Udalak (2020-02-26)
- Jende uholdea izan da Elgoibarren, emakumeen eskubideen alde (2019-03-08)
- Emakumeek kalea hartu dute (2019-03-08)