Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, hogei bat ekintzaz osatutako egitaraua prestatu du Elgoibarko Udalak, herriko elkarte eta taldeekin elkarlanean. Antolatutako ekintzen artean, pisu berezia izango du dute kirolean diharduten emakumeek. Hasteko, 'Aupa neskak' izeneko argazki erakusketa zabalduko dute otsailaren 28an, 18:30ean, Kultur Etxeko erakusketa gelan. Martxoaren 14a arteko tartea egongo da erakusketa bisitatzeko. Haizea Emakume Taldeak eta Elgoibarko Udalak elkarlanean antolatu duten erakusketan 40 bat argazkitan kirol askotariko hogei emakume kirolari, "hogei erreferente" elgoibartar ikusi ahal izango dira.
• Mahai-ingurua, eguaztenean
Era berean, eta gai honi lotuta, martxoaren 4rako, eguaztena, mahai-ingurua ere iragarri dute Hazeak eta Udalak. 'Lehia bai ala ez?' izenburupean jardungo dira Nerea Sasiain, Pilar Arriola, June Loidi, Amaia Loiola, Arrate Zubia eta Ane Zabaleta kirolariak, Ainara Argoitia BARRENeko kazetariak gidatuta (Aretoko lehenengo lerroa gurpildun aulkiak erabiltzen dituztenentzat gordeko dutela jakinarazi dute Udaletik). Mahai-ingurua ere Kultur Etxeko erakusketa gelan izango da, 'Aupa neskak' erakusketako argazkiez inguratuta, eta 18:30ean hasiko dute.
• Haize-errota moreak
Era berean, Haize-errota moreak egiteko tailerra ere antolatu dute Elgoibarko Ludotekan, martxoaren 2tik 6rako arratsaldeetarako eta Gaztelekuan, berriz, emakumeen egunerako murala, kamisetak eta poltsak egingo dituzte martxoaren 4tik 8ra arteko arratsaldeetan.
∞Lotura dute albisteak: