Martxoak 8ko programa bete-betea dator

Barren.eus 2020ko mar. 5a, 13:37

Emakumeen Nazioarteko Eguna da domekan, eta horren harira egitarau zabala antolatua dute Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailak eta herriko hainbat eragilek elkarlanean. Mendaron, berriz, elkarretaratzera deitu du Tratu Onen Aldeko Taldeak.

Joan zen barikuan zabaldu zuten Aupa neskak! erakusketarekin ekin zioten Martxoaren 8aren harira antolatutako ekintzei, eta atzo mahai-ingurua egin zuten Kultur Etxean, emakumea eta kirola binomioa gai hartuta. Pilar Arriola, Nerea Sasiain, Amaia Loiola, Arrate Zubia eta Ane Zabaleta kirolariek parte hartu zuten bertan.

2020 03 05 mahai ingurua emakume kirolariak elgoibar lehiabaiez

Autodefentsa tailerraren azken saioa egingo dute barikuan kiroldegian, eta baita ere haize-errota moreak, emakumeen egunerako kartela, kamisetak eta poltsak egiteko tailerrak ere Ludotekan eta Gaztelekuan.
 • Sustrai taldearen kontzertua, zapatuan
Zapaturako, berriz, Sustrai akordeoi taldearen kontzertua dago iragarrita. Kultur Etxeko Sotoan izango da kontzertua, 12:30ean, eta ondoren, izena emanda duten herriko emakumeek elkarrekin bazkalduko dute Sigma jatetxean.
 • Martxa Morea, elkarretaratzea eta dantza
Domekarako, berriz, Martxa Morean parte hartzera deituta daude elgoibartarrak. Kalegoen plazatik abiatuko da martxa, 13:30ean, eta bukaeran, 14:00ak aldera, elkarretaratzea egingo dute Kalegoen plazan. Elkarretaratzean Uluka Batukadak eta Biraka Dantza Taldeak parte hartuko dute. Biraka dantza taldekoek, gainera, koreografia ere prestatu dute domekarako (Elgoibarko Udalaren youtubeko kanalean zintzilikatuta dago nahi dutenek ikas dezaten).
 • Amelie ipuin kontaketa saioa eta Ulukaren entsegu berezia

Martitzenerako, hilaren 10erako, Isiltzen joan zirenak, Amelie ipuin kontaketa saioa antolatu dute Gotzon Garate Udal Liburutegiko lagunek helduentzat, eta Uluka Batukada taldekoek batukada entsegua egingo dute Maalan, 18:00etan. Beste hainbat herritako emakumeak etorriko dira Ulukakoekin batera jotzera, eta parte hartzera deitu dituzte elgoibartarrak.

2020 03 05 2019 03 08 martxoak 8 elkarretaratzea mendaro enparantzan panoramika

 • Elkarretaratzea eta herri-bazkaria, Mendaron
Mendaron, elkarretaratzera deitu du Tratu Onen Aldeko Taldeak domekarako. Elkartzeko deia 12:00etarako egin dute, plazan. Ondoren, 13:00etan, hala nahi duten herriko emakumeek elkarrekin bazkalduko dute jubilatuen ondoko lokalean (Etxetik eramandakoa jango dute). Bazkalostean dokumental bat proiektatuko dutela aurreratu dute eta filmaren inguruan hausnartuko dutela gero, taldean. Arratsalderako, berriz, Eibarren egingo den eskualde mailako manifestaziora elkarrekin joateko deia egin dute. 17:50eko trena hartuko dute Mendaron. Martxoaren 14an, berriz, Susanaren iraultza antzezlana ikusteko aukera izango da San Agustinen, 19:30ean. Sarrera doan izango da.

∞Lotura duten albisteak:

 Hona iaz Elgoibarren eta Mendaron martxoaren 8an egindako mobilizazioetako bideoak: