Kalegoen plazatik abiatu da manifestazioa eta anbulatorio parera ailegatu direnean bizpaihuru minutuko geldiunea egin dute, protesta ekitaldiarekin jarraitu eta berriro plazan amaitu arte. Han, idatzia irakurri du Duintasuna-Gaurgeroa taldeko kide Joseja Arregik.
Koronabirusaren pandemiak osasun sistemak dauzkan "gabezia larriak" agerian laga dituela ohartarazi dute manifestazioko deitzaileek. "Bereziki zahar etxeak kudeatzeko modeloarekin dagoen arazoa gelditu da argi, eta horregatik, duela hiru aste Maalan elkartu ginen, San Lazaroko beharginei egin duten lanagatik eskerrak emateko. Eta orain, sistema publikoa inoiz baino gehiago indartu beharko litzatekeen garaiotan, Elgoibarko anbulatorioak arratsaldeko 17:00etan itxi egiten duela. Lehen 24 orduz ematen zuten arreta, gero gauerdiraino murriztu zuten, eta orain 17:00ak arte. Zein izango da hurrengo pausua? non dago Udala?", esan du Arregik. Murrizketokin inor ez dagoela gustura gaineratu du: "Medikuak haserre daude, erizainak haserre, lehen arretako profesionalak haserre, herriko jendea haserre... denak daude haserre".
Era berean, salatu dute lehen arretako zerbitzuaren gehiengoa telefono bidez ematen ari direla, eta medikuek ez dituztela pazienteak ikusi ere egiten kasu askotan. Gainera, adinekoak telefonoz ez direla oso ondo moldatzen esan dute, eta haientzat ezinbestekoa dela medikuarengana joatea. Koronabirusaren ondorioz hartu zuten Osasun Zentroa 17:00etan itxi eta kontsulta gehienak telefonoz egiteko erabakia, baina Duintasuna-Gaurgeroa taldekoak kezkatuta daude, murrizketa hau denbora luzerako izango dela uste dutelako. Pentsiodunen taldeko kideek Elgoibarko Udal Gobernuari ere eskatu nahi diote gai honetan hartu dezala bere ardura, eta Elgoibarrek merezi duen osasun zerbitzu baten alde lan egin dezala.
∞Lotura duten albisteak:
-
Elgoibarko anbulatorioko zerbitzu murrizketen kontrako manifestaziora deitu dute astelehenerako (2020-07-03)
- San Lazaro egoitzako langileei eskerrak emateko batu dira hainbat herritar egoitza aurrean (2020-06-15)
- San Lazaroko langileei eskerrak emateko elkarretaratzea (2020-06-11)
- Pentsiodunen Mugimenduak berreskuratu ditu plazako elkarretaratzeak (2020-06-02)
- Pentsio duinen aldeko elkarretaratzea, astelehenean (2020-05-29)