Elgoibarren eta Soraluzen egin zituzten baheketen emaitzak batera eman ditu Ignacio Garitanok. Bi herrietan 1.521 lagunek egin zituzten PCR probak eta zortzi kasu positibo atzeman dituzte guztira, hau da, %0,53ak eman du positibo.
Osasun Sailaren aginduz, PCR baheketa selektiboa egin zuten joan den azaroaren 26an eta 27an Elgoibarko anbulatorioan. 13 eta 40 urte bitarteko herritarrak deitu zituzten probak egitera, guztira, 3.155 herritar, eta horietatik 1.170 lagunek hartu zuten parte, deitutakoen %37k. Debabarreneko ESItik emandako datuen arabera, eguenerako 720 lagunek hartu zuten txanda, eta barikurako, berriz, 450 lagunek.
Soraluzen azaroaren 25ean egin zuten baheketa selektiboa, eta 300 herritar inguruk hartu zuten parte.
Ignacio Garitanok azaldu du intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen duela azken astean, eta udalerri asko gorritik laranjara pasa direla. "Egoera hobetu da, hori horrela da, baina ez gaude ondo. Azken egunetan gainera, badirudi intzidentziaren jaitsiera moteltzen ari dela, beraz, erne jarraitu behar dugu", adierazi du.
Era berean ospitaletan ingresatzen dituzten pertsonen kopuruak ere behera egiten jarraitzen duela esan du.
∞Lotura duten albisteak:
- BIDEOA: Hasi dira elgoibartarrei PCR probak egiten, baheketa selektiboaren aurreneko egunean (2020-11-26)
- 720 lagunek hartu dute txanda gaur PCRak egiteko (2020-11-26)
- EH Bilduk gardentasuna eskatu die udal gobernuari eta Osakidetzari, Elgoibarren baheketa masiboa egingo dutela iragarri ostean (2020-11-25)
- Elgoibarren baheketa selektibo bat egingo dute eguenean eta barikuan (2020-11-24)
- Udalak dio Elgoibarren agerraldiak kontrolatuta daudela eta fokuak momentuz ez daudela behar bezain sakabanatuta baheketa masiboa egiteko (2020-10-30)
- Elgoibarren PCR baheketa masiboak egin ditzatela exijitzeko eskatu dio EHBilduk Udalari (2020-10-29)