Elgoibarko alkate Ane Beitia da aipaturiko erakundeekin "etengabeko" kontaktuan dagoena, eta Elgoibarko Udalak azpimarratu du uneoro jarrera aktiboa izaten ari dela, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezarritako jarraibideen arabera jokatzen ari dela, COVID-19 birusa ahalik eta gutxien zabal dadin. Gogora ekarri dute Osakidetza dela erakunde eskuduna, erabakiak hartzeko osasun irizpide egokienak dituena.
Baheketa masiboak egiteko aukerari dagokionez, Osasun Publikotik helarazi dieten irizpidea aipatu du Udalak, alegia, erabaki hori ez dagoela birusak udalerrian duen intzidentzia-tasaren menpe soilik (une honetan 949,50ekoa da intzidentzia tasa), baizik eta kontuan hartzen dela birusak udalerrian duen hedapena. Ildo horretatik, azpimarratu dute Elgoibarren agerraldiak "kontrolatuta" daudela eta fokuak momentuz ez daudela behar bezain sakabanatuta PCR baheketa masibo bat egiteko.
Hortaz, Udaletik "lasaitasun eta zuhurtzia" mezua zabaldu dute. “Gure giza baliabide eta baliabide tekniko guztiak Osakidetzaren esku jarri ditugu kutsatzeen erritmoa moteltzen laguntzeko. Etengabe harremanetan gaude, eta elgoibartarren osasuna bermatzeko behar den guztia egingo dugu. Baheketa masibo bat egin behar bada egingo da, baina betiere erabaki hori hartzeko eskumena eta irizpideak dituzten osasun agintariekin lankidetzan. Ezinbestekoa da denok elkartasunez eta erantzukizunez jokatzeko konpromisoa hartzea, elkarri laguntzeko eta egoera hau lehenbailehen pasatzeko”, adierazi du Ane Beitia Elgoibarko alkateak.