EH Bilduk gardentasuna eskatu die udal gobernuari eta Osakidetzari, Elgoibarren baheketa masiboa egingo dutela iragarri ostean

Barren.eus 2020ko aza. 25a, 16:45

Elgoibarren eguenean eta barikuan egingo duten PCR proben baheketa masiboari buruzko prentsa oharra zabaldu du EH Bilduk. Gogora ekarri dute eurek Udal Gobernuari eta Osakidetzari eskatu ziotela baheketa masiboa egitea, joan den urriaren 24an, "Ane Beitia alkateak adierazi zuen ez zegoela baheketa masiboa egitearen beharrik, Elgoibarren egoera kontrolpean zegoelako. Gure buruari egiten diogun galdera hau da: orain baheketa masiboa egiten da egoera kontrolpean ez dagoelako?", adierazi dute.

Elgoibarko EH Bilduk uste du albiste ona dela Elgoibarren baheketa selektiboa egitea, gure udalerriko "benetako egoeraren berri" emateko balioko duelako. Ezker subiranistako ordezkariek gogora ekarri dute Elgoibarko herritarrak kezkatuta daudela, eta asteak daramatzatela beren eta inurukoen osasunagatik "oso kezkatuta". Horrelako krisi egoeretan, herritarrei argi hitz egin behar zaiela zehaztu dute, "argi eta azkar azaldu behar zaie zer egoeratan gauden eta zergatik hartzen diren erabakiak". Horregatik, uste dute beharrezkoa dela udal-gobernuak eta Osakidetzak azaltzea zergatik egiten den orain baheketa masibo bat Elgoibarren, eta zergatik ez den lehenago egin. "Hori lehenbailehen egin beharko luketela uste dugu eta hori egitea eskatzen diegu", adierazi dute.

Amaitzeko, baheketa masiboan parte hartzera animatu dituzte 13 eta 40 urte arteko elgoibartarrak, horrek gure herrian dagoen egoeraren argazki hobea emango digulako. Alabaina, adin tartea zabalduta eta PCR proba gehiago eginda argazkia "zehatzagoa" izango litzatekeela ere azaldu dute. Halaber, baheketa masiboan parte hartzeko elgoibartarrei erraztasunak ematea eskatu dio EH Bilduk Osakidetzari.

∞Lotura duten albisteak: