Pandemiaren ondorioz kaleak garbitzeko zerbitzuak indartu zituela 2020an jakinarazi du Mankomunitateak

Barren.eus 2021ko urt. 22a, 11:44

Debabarrenako Mankomunitateak, herritar guztiek bezala, egoera berrira egokitu behar izan du pandemiak sortutako erronken aurrean, kale-garbiketari eta hondakin-bilketari dagokienez, besteak beste. Jakitera eman dutenez, eskualdeko udalekin adostu zuten herri bakoitzeko lekurik erabilienak desinfektatzeko lanak areagotzea, eta hamabi langilek egunero egiten zituzten lan horiek.

Pandemiaren ondorioz sortutako beharrei erantzuteko eremu publikoen desinfekzioa handitzeko beharra sortu zela azaldu dute Mankomunitateko arduradunek, prentsa ohar bidez. Horretarako, Mankomunitatearen giza baliabideak berrantolatzeaz gainera, material gehiago eskuratu behar izan zuten, kale garbiketan aritzen diren beharginen ohiko lana indartzeko. Egoeraren lehen balorazioa egin ondoren, udalekin adostu zuten jende gehien biltzen zen lekuak desinfektatzeko lanak areagotzea, hala nola merkataritza-gune handietako eta elikadura-dendetako sarrerak. Horretarako, Mankomunitateko hamabi langilek desinfekzio-lan horietan jardun zuten, egunero, lanaldiaren zati batean.

Nabarmendu dutenez, alarma-egoeraren asterik gogorrenetan, Mankomunitateko langile talde batek edukiontzien irlak desinfektatzen zituen, udalerri guztietan ezarri zuten gaueko zerbitzu batean.
 • 648 kg sodio hipoklorito
Aipaturiko garbiketa lan horietarako, kaleak eta edukiontzien irlak desinfektatzeko, 648 kilo sodio hipoklorito erabili zituzten, (desinfektatzaile purua), uretan disolbatuta; guztira 9.257 litro. Lanok 3.016 euroko kostua izan zutela azaldu dute. Lan horietan jardun ziren langileak norbera babesteko ekipamenduak (NBE) jantzita aritu zirela zehaztu dute, eta lan ordutegiak egokituta, “langileen arteko kontaktua ahalik eta gehien saihesteko”.
 • Hobekuntzak zerbitzuan
Kaleen desinfekzioa areagotzeaz gain, Masnkomunitateak gaineratu du 2020an hainbat aldaketa egin dituztela hondakinen bilketa-zerbitzuan, osasun krisiak sortutako egoerara egokitzeko: Pedalak ipini dizkiete edukiontziei, eta organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekita mantendu dituzte, herritarrek edukiontziak eskuekin ahalik eta gutxien ikutu behar izateko. Tamaina handiko hondakinen kasuan, kutxa irekiko kamioneta batekin indartu zuten bilketa, tamaina handiko edo zurezko sailkatu gabeko hondakinak bildu eta ondoren Garbigunean bereizteko.

∞Lotura duten albisteak: