Guztira, Debabarreneko 306 edukiontzitan ezarriko dituzte pedalak, ia 84.000 euroko inbertsioarekin. Instalazioa Koronabirusagatik kutsatu gehien dauden herrietatik hasiko da: Elgoibar, Eibar eta Ermua. Gainerako asteetan ekingo zaio eskualdeko beste herrietan. Apirilaren 6ko astean Mutrikun, Mallabian eta Mendaron eta 13koan Deban eta Soraluzen. Ezarpena progresiboa egingo dute herriz-herri eta apirilean zehar bukatuko dute. Iosu Arraiz Mankomunitateko presidenteak nabarmendu du neurri honek “epe motzean herritarren segurtasuna bermatzeaz gainera koronabirusa dela eta, epe luzera hiri-hondakin solidoen edukiontziak egokitzen dituela guztion erosotasunerako, bereziki mugikortasun urriko pertsonek eta auzotar adinekoenek irekitzea errazten du”. Egunotan garbiketa langileak burutzen ari diren lana txalotu eta eskertu du: “sekulako lana burutzen ari dira guztioi egoera hau errazagoa egiteko. Ezinbesteko zerbitzua da garbiketarena, hondakin bilketarena. Pixkanaka hobetzen goaz, herritarrentzako erosoagoa eta, birziklapena medio, ingurumenarentzako jasangarriagoa bilakatuz”. Birziklatzen jarraitzeko eta kontsumo arduratsua gauzatzeko deia egin du.
Horrez gain, joan zen astetik edukiontzi grisak zabalik daude, eta Mankomunitateik herritarrei eskatu diete zabor poltsak ez lagatzeko lurrean.