Debabarrenako Mankomunitateak jakinarazi du alarma egoeran ere lanean jarraitzen duela, oinarrizko zerbitzu publikoen artean dagoelako hiri hondakinak jasotzea, eta horren barruan, etxeko hondakinak. "Taberna eta establezimenduak itxi arren, etxeetan zaborra sortzen jarraituko da eta edukiontzietan jasotzea ezinbestekoa da etxeetan ez pilatzeko", esan du Iosu Arraiz Debabarreneko Mankomunitateko presidenteak. Jarduera hau egiteko, Debabarrenako Eskualde Mankomunitateko hiri hondakinak jasotzeko zerbitzuko langileak, Mallabia, Ermua, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba eta Mutrikuko udalerrietan, lanean jarraituko dute, baina lanorduak hiru txandatan banatu dituzte, kutsatzeko arriskua gutxitzeko.
Horrekin batera, beste zenbait neurri ere hartu dituzte, alarma egoera honek irauten duen epealdirako:
- Edukiontzi grisak zabalik lagako dituzte, herritarrek ukitu beharrik ez izateko eta inork ez dezan zabor poltsarik lurrean laga.
- Tamaina handiko zaborren bilketa eten egingo dute.
- Bilketako langileek hiru txandatan egingo dute lan, kutsatzeak saihesteko.
- Langileek babes-neurri bereziekin egingo dute lan.
Gaixoen hondakin-poltsak
- Hermetikoki itxita bota behar dira, gris koloreko edukiontzietara.
- Poltsa horiek erraz identifikatzeko moduan bota behar dira, zinta isolatzaileekin lotuta, adibidez.
Gainerako hondakinak:
- Zuzenean zabortegira edo errausketara bideratuko dituzte. Zabor poltsak ez dituzte inolaz ere zabalduko.
- Aldez aurreko tratamendua behar badute, automatikoki egingo dute hori, poltsak ikutu gabe.
- Hondakinak bereizita botatzen jarraitu behar da.
- Garbiguneak zabalik mantenduko dira, baina ezin da ezer laga haen kanpoko aldeetan.
Kale garbiketa
- Kale garbiketari dagokionez, sodio hipokloritozko urarekin garbituko dituzte eskualdeko udalerri guztietako kaleak.
- Era berean, altzariak eta tresneria etxez etxe jasotzeko doako zerbitzua eten dute, abisu berria eman arte. Herritarrei eskatu diete euren etxeetan gordetzeko eta kalean ez uzteko.
Garbiguneen irekiera ordutegia
- Ermua, Eibar, Elgoibar eta Mutrikun dauden Garbiguneen irekiera ordutegiak errespetatuko dituzte, eta zentro hauetako langileek babes neurriak izango dituzte, Osasun Ministerioak gomendatutako neurriak bermatzeko.