EHUk eta Sener Aeroespacial eta Elgoibarko AVS euskal enpresek parte hartu dute NASAren Mars 2020 misioan. NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziak Cañaveral lurmuturretik (Florida, AEB) jaurti zuen joan den urteko uztailaren 30ean, Perseverance ibilgailua zeraman Atlas V suziria. 500 milioi kilometrotik gorako bidaia egin eta gero, bart gauean ailegatu zen Martera, eta horren bidaia luzea egin ostean, azken zazpi minutuak izan ziren erabakigarrienak. NASAkoek "beldurrezko zazpi minutuak" deitzen diote, Marteko atmosferan sartzen hasten denetik gainazala ukitzen den arte pasatzen den denboragatik. Oso konplexua eta berezia da marteratze operazio hori, erabat autonomoa izateaz gainera, denbora tarte horretan 20.000 kilometro orduko abiadura murriztu behar izan baitu, aireko garabi baten laguntzaz abiadura motelduta. Planeta gorrira bidali izan diren ibilgailuetatik %40ak lortu du orain arte arrakasta izatea. Hortaz, denak zeuden operazioari adi, bereziki AVS enpresakoak, izan ere Marte aztertzeko goi-mailako teknologia duten zazpi instrumentu ditu Perseverance roberrak, eta horietako bi Elgoibarko AVS (Added Value Solutions) enpresak egin ditu. Sistema horiek Marten bizirik egon den eta ea haizerik badagoen aztertuko dute.
• Lehen argazkia
NASAk jakinarazi duenez, marteratzea arazorik gabe gauzatu zen, eta horren frogak ere zabaldu dituzte. Gainazalean kokatu eta bost minutura, Perserverance esplorazioa abiatzeko prest zegoen eta lehendabiziko irudiak hartu zituen Marten. "Kaixo mundua. Hau da nire etxea izango denaren lehen begiradan ikusi dudana", idatzi dute robotaren Twitter kontu ofizialean, Martetik bidalitako lehen argazkia atxikita. Marteko irudien seinalea zerbait gertatu eta 11 minutu eta 22 segundora iristen da Lurrera.
NASAk streaming bidez eman zuen Perseverancen martearatzeari buruzko emanaldia, hemen:
Mars 2020 misioaren helburua Marten laginak biltzea izango da, planeta gorrian inoiz bizirik izan ote den aztertzeko. Marteko baldintza gogorrei aurre egin beharko diete, hala nola, idortasunari edo hauts-ekaitzei.
∞ Lotura duten albisteak:
- Elgoibarko AVS enpresaren ibilbidea "enpresen berrikuntzan ahalegin irmoa eta etengabearen" erakusle dela nabarmendu du Markel Olanok (2021-01-18)
-
Martera bidean da 'Perseverance', Elgoibarren eginiko puntako teknologiarekin hornitutako espazio-ibilgailua (2020-07-30)
- AVS enpresa Basque Industry 4.0ren adibide argia dela esan du Iñigo Urkullu lehendakariak (2017-03-20)
- Mugako zientzia egiteko tresnak garatzen dituen Elgoibarko AVS enpresa Teknopolis saioan (2017-02-03)
- Elgoibarko AVSk Gipuzkoako Enpresa Berriaren saria jaso du Adegiren Enpresa Egunean (2016-05-26)
- Elgoibarko AVS enpresa grabitaterik gabeko simulazioa egiten ari da (2016-04-26)
- AVS Added Value Solutions enpresa elgoibartarra saritu du Gipuzkoako Bazkundeak (2014-03-24)
AVSri buruzko erreportajea BARREN aldizkariaren 994. zenbakian (PDF)