Europako Espazio Agentziaren proiektu garrantzitsu batean ari da lanean Elgoibarko AVS enpresa, 2020ean Marteko ilargietako batera iristeko, Phobosera. Phooprint izeneko misio honek zunda bat bidali nahi du Phobosera handik hauts eta lur zati batzuk hartu eta gero aztertzeko. Unibertsoaren jatorria aztertzeko erabiliko dute zientzialariek Phobosetik jaso nahi duten materiala, Marteren satelite honek planetak sortu aurretik eguzki sistemak zuen egitura eta konposizioa dituela-eta.
Espazioko zunda horrek beso bat erabiliko du Phobos ilargiko lurra batzeko. Beso hori Elgoibarko enpresan diseinatu eta eraikiko dute. (Ikus hemen: AVSk diseinatutako robotaren ezaugarriak)
Proiektuak aurrera egiteko, grabitatearen inguruko froga bat egin behar du Elgoibarko AVS enpresak. Izan ere, Phobos oso ilargi txikia da (20 bat kilometroko diametroa du), eta han dagoen grabitate maila oso-oso txikia da. Horregatik, enpresako zortzi kide Bordelera joan dira, grabitaterik gabeko simulazio bat egitera. Zundaren besoa grabitaterik gabeko lekuetan ondo dabilen frogatzen dihardute.
•Hegaldi parabolikoa
Esperimentua egiteko, ESAk antolatutako hegaldi paraboliko batean parte hartu dute. Horretarako hegazkin berezi bat erabiltzen hasi dira gaur goizean, gune seguruan beti ere. Hegazkina 8.000-9.000 metrora igotzen da, 45 graduko inklinazioz. Gero, erortzen lagatzen dute. Erori aurretik, 30 bat segunduz, grabitaterik gabeko une bat izaten da eta esperimentuak egin daitezke; AVSren kasuan, Elgoibarren diseinatutako dispositiboa grabitaterik gabe lurra jasotzeko gai ote den aztertzea.
Hegaldi bakoitzean, lau bat orduz, 30 jauzi paraboliko egiten ditu hegazkinak. Elgoibartik Bordelera joandako taldeak hiru hegaldi egitea aurreikusi du.
Gaur egun Elgoibarko Sigma industrialdean dagoen AVS enpresa Eibarren sortu zuten 2006an. Guztira 50 behargin ditu, gehienak ingeniariak eta fisikariak.