Perseverance ibilgailuak 1.043 kilo pisatzen du, eta hiru metro luze eta bi metro baino gehiago zabal da. Marte aztertzeko goi-mailako teknologia duten zazpi instrumentu ditu eta horietako bi Elgoibarko AVS (Added Value Solutions) enpresak egin ditu. Ibilgailuak jasoko dituen lagin geologikoak aztertuko ditu batek, eta ibilgailuak daraman MEDA tresnako haizea neurtzeko sentsoreak ere AVSk diseinatu eta garatu, ditu Marteko haizea zehatz neurtzeko. Berebiziko garrantzia izango dute haizearen neurketa horiek Martera bidaliko dituzten hurrengo tripulatutako misioetan, lur hartzerakoan kontuan hartu beharreko kondizio atmosferiokoak ezagutzeko funtsezkoa izango baitira. Perseverance ibilgailuak 23 kamera ditu, eta estreinakoz hartuko dituzte planeta gorriko irudiak, koloretan eta 3Dan. Era berean, kamera horiek hartutako irudiei esker, Elgoibarren diseinatu eta ekoitzitako instrumentuak lanean ikusteko aukera izango dute AVSko arduradunek. Horretarako, baina, urtebete inguru itxaron beharko dute.
• Otsailaren 18an ailegatuko da Martera
Izan ere, gaur hasi den NASAren Mars 2020 misioaren bidaia ez da motza izango. Cañaveral lurmuturretik (Florida, AEB) jaurti dute gaur, 07:50ean, Perseverance daraman Atlas V suziria. 500 milioi kilometrotik gorako bidaia egin beharko du planeta gorriraino, eta 2021eko otsailaren 18an lurreratuko dela Marten aurreikusten dute. "Ez da erraza, eta arrakasta lortu ezin izateko arrisku handia dago. Hori esanda, badakigu nola lurreratu Marten. Izan ere, zortzigarren aldia da honakoa, beraz, esperientzia dugu horretan", azaldu dute NASAko arduradunek. Azterketa eta ikerketa lanak egin eta gero, 2026. urtean itzuliko da Lurrera Perseverance ibilgailua.
Marten biziaren arrastoak aurkitzea da NASAren misio honen helburua. Perseverance ibilgailuak 687 egun inguru pasatuko ditu Marteko gainazalean mikrobioen bizi hondarrak bilatzen. Han bildutako laginak Lurrera ere ekarriko ditu, hemen azter ditzaten.
NASAk bizileku iraunkorrak sortu nahi ditu Ilargian eta Marten, eta, Mars 2020 misioarekin, gizakiak planeta gorrian bizi daitezkeen aztertzeko lehen urratsa egingo du. NASAren ondorengo bideoan ikus daiteke Perseverance ibilgailuan batu duten teknologia guztia.
AVSko Espazio Ataleko zuzendari Cristina Ortega Juaristik azaltzen du Perceverance ibilgailurako garatu duten teknologia, EITBko bideo honetan.
∞ Lotura duten albisteak:
- AVS enpresa Basque Industry 4.0ren adibide argia dela esan du Iñigo Urkullu lehendakariak (2017-03-20)
- Mugako zientzia egiteko tresnak garatzen dituen Elgoibarko AVS enpresa Teknopolis saioan (2017-02-03)
- Elgoibarko AVSk Gipuzkoako Enpresa Berriaren saria jaso du Adegiren Enpresa Egunean (2016-05-26)
- Elgoibarko AVS enpresa grabitaterik gabeko simulazioa egiten ari da (2016-04-26)
- AVS Added Value Solutions enpresa elgoibartarra saritu du Gipuzkoako Bazkundeak (2014-03-24)
AVSri buruzko erreportajea BARREN aldizkariaren 994. zenbakian (PDF)