Covid-19aren ondorioak arintzeko, tokiko merkataritza suspertzeko hainbat ekimen sustatu zituen iaz Elgoibarko Udalak, eta ia 300.000 euro bideratu zituen hiri-ekonomia babestera. Ildo horretatik 28.600 euroko laguntza emango dio orain Udalak Txankakua merkatari elkarteari herriko merkataritza babestu eta bultzatzen jarraitzeko. Laguntza hori bi atal nagusitan banatuko dute: 5.020 euro merkataritza dinamizatzeko ekintzak egitera bideratuko dira, hala nola, kanpaina bereziak, deskontuak, zozketa zein sariak… Gainerako 21.780 euroak, aldiz, iaz martxan jarritako Elgoibarklik plataforma digitala garatzen eta sustatzen jarraitzeko erabiliko dira.
• Elgoibarklik
Udalak 2020an jarri zuen martxan ElgoibarKlik plataforma, Txankakua merkatari elkartearekin elkarlanean. Plataforma honen helburu nagusia da Elgoibarko saltokiei ikusgarritasuna ematea eta, bide batez, herriko komertzioari salmenta modu berrietara egokitzeko aukera eskaintzea, eta baita, bezeroei erosketak egiteko modu berri bat eskaintzea ere. Udalak 59.000 euro inbertitu zituen, eta dagoeneko, ehun establezimendu baino gehiago sartu dira bertan. Udaletik esan dutenez, 2021ean merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzuetako establezimenduak erakartzeko lanean jarraituko dute, horien partaidetza areagotu eta plataformaren eskaintza udalerriko establezimendu gehienekin osatu ahal izateko. Horrekin batera, “Albisteak” izeneko atala gehituko diote plataformari, horren barruan, herritarrentzako interesgarria den informazioa jasotzeko. Era berean, plataforma ezagutzera eman eta bere erabilera sustatzeko hainbat ekintza aurreikusi dituzte arduradunek: plataformaren profil propioak Facebooken eta Instagramen (asteroko argitalpenekin), ekitaldi desberdinak, online lehiaketak…
Gaur gaurkoz Elgoibarklik plataforman izena eman ez duten ostalaria, merkatari edo zerbitzuek aukera dute oraindik. Horretarako, Txankakua merkatari elkartearekin harremanetan jarri behar da: 943 747 301 telefono zenbakira deituta edo ondorengo e-posta helbidera idatzita: txankakua.elkartea@gmail.com.
∞Lotura duten albisteak:
- Elgoibarko saltokietan eta tabernetan online nola erosi erakusteko ikastaroa antolatu dute herritarrentzat (2021-04-15)
- 'Elgoibarklik' plataformaren erabileran trebatzeko formazio saioak antolatu dituzte herritar zein profesionalentzako (2021-03-26)
- 'Elgoibarklik' plataforma digitala ekimenera bat egin duten 77 establezimendurekin abiatuko da (2020-12-15)
- Herriko merkataritza suspertzeko indarrak batu dituzte Txankakuak eta Elgoibarko Udalak (2020-11-17)