Gazte jendez bete zen atzo iluntzean Herriko Antzokia, Larrugorritan seriearen aurkezpen kapituloa ikusteko. "Gero izango den telesailaren aurkezpena" izan zen, Jone Arriolak berak azaldu zuen moduan. 20 minutuko aurkezpen bideo bat eman zuten lehenengo, eta orduan ezagutu zituzten ikusleek Mai, Niko, Lara eta Ali, besteak beste. Telesaileko protagonistak dira, gazteak, euskaldunak eta benetakoak. Gazteentzako telesaila da Larrugorritan, emakumeen ikuspegitik sortua, eta emakumeak diren bezala islatzen ditu, estereotipoak apurtuz. Sexua, drogak, parranda eta egungo gazteen arazoak islatzen ditu serieak, gordin, diren moduan eta gazteek bizi dituzten moduan, eta euskaraz. Aktoreak ezagutu, non bizi diren ikusi eta bakoitza apur bat nolakoa den jakiteko aukera eman zuen atzoko kapituluak, eta amaieran, telesailaren trama izango denaren hasiera azaldu zuten, publikoa gehiagorako gogoz utziz. Herriko Antzokiko ikusleek txalo egin zuten emanaldiaren amaieran, eta hunkituta igo ziren zuzendaria bera eta aktore protagonistak oholtzara.
Ekitaldiaren bigarren zatian mahai-ingurua egin zuten. Jone Arriola zuzendaria eta lau aktore igo ziren oholtzara: Unai Arrieta (Niko), Sara Nieto (Ali), Alazne Astorga (Lara) eta Aiora Enparantza (Mai). Garazi Ayesta kazetari elgoibartarrak gidatu zuen solasaldia, eta besteak beste, telesailaren sorreraz, izan dituzten zailtasunez eta produkzioan zehar izan dituzten sentipenez hitz egin zuten.
• ETB eta Netflix
Jone Arriola (Elgoibar, 1998) ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua da, eta ikasketa amaierako proiektuari esker, Tabakalerak antolatzen duen 2deo lehiaketan sari bat eskuratu zuen. Sari horri esker gauzatu ahal izan du Larrugorritan telesailaren aurkezpen atala edo teaserra. Atzoko aurkezpenak izandako erantzuna eta jaso duen babesa ikusi ondoren, Jone Arriolak eta bere lantaldeak argi ikusi dute seriea egin behar dutela, eta horretarako lanean ari dira. Katz Estudio ekoiztetxearekin ari da lanean Arriola, eta bere indar eta gogo guztia jarriko du seriea ekoizteko. Proiektua sendotzen ari dira, eta dagoeneko idatzita dauka Arriolak seriearen gidoia. Euskal Herrian ETB du helburu, baina publiko zabalagoarengana iristeko asmoz begiz jota dauka Netflix ere. Une honetan dirulaguntza eta finantzazio iturri berrien bila ari da, aurrera egin ahal izateko.
∞Lotura duten albisteak:
- Herriko Antzokian aurkeztuko dute eguaztenean, ‘Larrugorritan’ telesaila (2021-06-08)
- Finantzaketa kolektiborako kanpaina hasi du Jone Arriolak, ‘Larrugorritan’ seriearen lehen atala grabatzeko (2021-02-25)
- Jone Arriola: “Emakumearen figurari jartzen dizkioten filtroak kendu eta benetako emakumea erakutsi nahi izan dut” (2021-02-06)
- Jone Arriolaren 'Larrugorritan' telesail proiektua da Tabakaleraren 2deo sarietan hiru hautatuetako bat (2020-12-09)
- Jone Arriolaren 'Females' telesail proiektua da Tabakalerak 2deo Sarietarako aukeratuetako bat (2020-07-27)