Jone Arriolak aurkeztutako telesail proiektua da Tabakaleraren 2deo sarietan hautatuetako bat

Barren.eus 2020ko abe. 9a, 15:31

Jone Arriola, La Traka Producciones eta Pello Reparazen proiektuak hautatu dituzte 2deo saria 2020 deialdian. Gazteen bizipenak ardatz dituen serie bat aurkeztu zuen elgoibartarrak lehiaketara.

Guztira 99 proiektu aurkeztu ziren Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatutako 2deo Sarien 2020ko deialdira, eta horien artetik zortzi hautatu zituzten uztailean preprodukzio-faserako, Jone Arriolak aurkeztutakoa tartean. Orain, Tabakalera zentroko zenbait kidek eta ikus-entzunezko sektorean gaitasun profesional egiaztatua duten aditu independenteek osatutako batzorde batek hautatu dituzte 2deo Saria 2020 deialdiaren bidez prototipoak garatuko dituzten hiru proiektuak: Gazteen bizipenak ardatz dituen serie bat (Jone Arriola), gizarte-estereotipoak hausten dituen webserie bat ('Nahiak', La Traka Producciones) eta bideoklip interaktibo bat ( 'Fatum' Pello Reparaz) izan dira aukeratutako formatuak.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, lehiaketa honen helburu nagusia ikus-entzunezko edukietan oinarritutako proiektuen garapena eta prototipazioa sustatzea da. Aukeratutako hiru proiektuen artean 50.000 euroko laguntza ekonomikoa banatuko da eta, urtarriletik maiatzera bitartean, euren proiektuaren prototipoak garatu ahal izateko baliabideak eta espazioa izango dute Tabakalerako 2deo laborategian. Prozesu hori amaitzean, prototipoak aurkeztuko dituzte ekitaldi publiko batean, ikus-entzunezko 2deo laborategian.
 • Larrugorritan
Hasieran 'Females' izenarekin aurkeztu zuen proiektuari 'Larrugorritan' izena jarri dio Jone Arriolak azken fase honetan. Gazteak ardatz dituen telesaila da, eta protagonistek hogei urte inguru dauzkate. Bost laguneko koadrila batek emakumeei eta gizonei buruzko estereotipoak eta mitoak hautsiko ditu. Jone Arriolak istorio hau bere esperientziatik kontatu nahi du, bere egunerokotasunean bizi dituen egoerek gazte askori identifikatzeko aukera emango dielakoan.
"Zer gertatuko litzateke ohikotzat jotzen denetik aldentzen den emakume baten irudia islatuko bagenu? Lotsagabea, askea, ausarta, naturala edo iragazkirik gabea". Gizarteak ezkutatzen dituen emakumeen alderdiak telesaileko pertsonaien bidez azalduko dira. "Helburua pertsonaia bakoitzaren atzean zer dagoen ikustea da, eta horretarako, biluztu eta bakoitzaren argi-ilunak erakustea".

Telesailerako castinga ere abian jarri zuen Arriolak, joan den irailean. 18 eta 25 urte bitarteko neska eta mutil "gogotsuak, lotsarik gabekoak eta esperimentatzeko prest daudenak" behar zituela azaldu zuen sare sozialen bidez zabaldu zuen deialdian.
Jone Arriola Ikus Entzunezko Komunikazio gradua burutu du Euskal Herriko Unibertsitatean. 2018-2019 ikasturtean, Norbegian burutu zuen lehen lau hilekoa Innland Norway University of Applied Sciences unibertsitatean. 2019-2020 ikasturtean, praktikak egin ditu Pausoka ekoiztetxean eta ETBn kirolen errealizazioan.

2020 12 09 larrugorritan tabakalera jone arriola irudia

∞Lotura duten albisteak: